Eibarko kontsumo talde berria aurkeztuko dute maiatzaren 3an

Eibarko kontsumo talde berria aurkeztuko dute maiatzaren 3an
2018/04/30 eta kitto!
Eibarko kontsumo talde berriaren aurkezpena eta sukaldaritza energetikoari buruzko tailerra hartuko du Agifesen errehabilitazio psikosozialerako zentroak eguenean, 18:30ean. Lur Denok, Ner Group, Agifes eta Karabeleko elkarlanean hasi dira, Gipuzkoan baratzezaintza ekologikoa bultzatzeko eta, horrekin batera, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko asmoz. Lankidetza honen lehen fruitua da Eibarren sortutako kontsumo taldea, Lur Denokek eta Karabelekok kudeatuko dutena. Gainera, etxalde bietan jarduera terapeutikoa egiten edota lanerako trebakuntza jasotzen ari diren buruko osasun arazoak dituzten pertsonek parte hartuko dute egitasmoan.

Kontsumo talde berria maiatzaren 3an aurkeztuko da, Agifesek Eibarko Urkizu pasealekuan, 9. zenbakian, duen zentroan. Interesa duten guztiek bertan jaso ahal izango dute produktu ekologikoen otarra astero. Gainera, arratsaldeko 18:30etik aurrera gauzatuko den ekitaldian, sasoiko produktu ekologikoan oinarritutako sukaldaritza-tailerra eskainiko du osasun holistikoan eta elikadura energetikoan aholkularia den Garbiñe Etxanizek. Tailerraren ostean, garaiko produktuak eta prestatutako errezetak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Kartela-kontsumo-taldea_web