Juan Antonio Aznárez eibartarra Iruñea eta Tuterako apezpiku laguntzaile izendatu du Aita Santuak

Juan Antonio Aznárez eibartarra Iruñea eta Tuterako apezpiku laguntzaile izendatu du Aita Santuak
2012/06/11 00:00
eta kitto!

Benedicto XVI.a Aita Santuak orain arte Iruñea eta Tuterako elizbarrutiko bikario nagusia izan den Juan Antonio Aznárez eibartarra bertako apezpiku laguntzaile izendatu du. 1961eko urtarrilaren 14an Eibarren jaioa, 13 urte zituela Tuterara bizi izatera joan zen eta Zaragozako Unibertsitatean Filosofia eta Letratan lizentziatu zen 1984an. Eliza-ikasketak Iruñeako Seminarioan egin zituen eta 1990eko urriaren 27an apaiztu zen. Horrez gain, Erromako Institutu Biblikoan Zientzia Biblikoetan lizentziatu zen 1997an.
Abade moduan honako ibilbidea jarraitu du: Mendabian San Juan Bataiatzailearen parrokian administratzaile (1990-1993); Huarte-Iruñeako San Juan Ebangelarian bikario (1997-1999); parroko Zizur Txikian, hainbat parrokitan (1999-2004). 2009ko ekainaz geroztik Iruñea eta Tuterako elizbarrutiko bikario nagusia izan da. Hortik aparte, Eskritura Santuaren inguruko eskolak ematen ditu.