Miguel Sagastume “Urkiko Magoa” soinujole eibartarra hil da, 90 urterekin

Miguel Sagastume “Urkiko Magoa” soinujole eibartarra hil da, 90 urterekin
ETA KITTO 2021, Ira 15

Miguel Sagastume Narbaiza (“Urkiko Magoa”) soinujole eibartarra Bergaran hil zen herenegun, 90 urte zituela. Urkiko baserri bateko semea 1931n jaio zen eta, aitak trikitia jotzen zuela eta, Miguel gazte-gazterik hasi zen soinua jotzen. Solfeo, piano eta filarmonika ikasketak ere egin zituen. Bergarara joan zen ikastera eta txapelketa batzuetan ere hartu zuen parte, baina berak kontatzen zuenez, benetako aukera ezkontza batean etorri zitzaion: Kubara joatea eskaini zioten eta, birritan pentsatu gabe, bertarako bidea hartu zuen, amarekin batera. “Tropicana”n aritu zen jotzen, besteak beste Bebo Valdes pianojole kubatarrarekin batera. Baina ama gaixotu eta, 4 urte eta gero, Eibarrera itzuli ziren. Bolera amerikanoa martxan ipini zenean kontratatu zuten. Hortik aurrera, “Orquesta Urki”rekin, Jai Alai dantzalekuan, inguruko herrietan… jotzen hasi zen.

Ego Ibarra batzordeak bere bizitzari buruzko hainbat pasarte dauzka grabatuta, Eibartarren Ahotan proiektuaren baitan. Horietako baten transkripzioa aurtengo urtarrilean kaleratu genuen …eta kitto! aldizkariaren 1172. zenbakian, Eibartarren Ahotan izeneko atalean eman genuen argitara. Zuzenean bere ahotik entzuteko sakatu HEMEN.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »