Mikel Larrañaga higiezinen iruzurragatik absolbitu egin dute

Mikel Larrañaga higiezinen iruzurragatik absolbitu egin dute
2012/11/29 eta kitto!

Arabako Probintzia Auzitegiko 2. Sekzioak Mikel Larrañaga Eibarko alkate ohia eta higiezinen iruzurra egotzita akusatutako beste bi lagunak, Alfonso Maria Ruiz de Alegria eta Julian Ernesto Ochoa Ruiz, absolbitu egin ditu.
Epaiketa Errioxako Villamediana de Ireguan egitekoak ziren eta gero eraiki ez ziren etxebizitza batzuen salerosketa kontratuaren harira egin da, erosle biek ipinitako salaketaren ondorioz. Larrañaga eta Ruiz de Alegria akusatuak bazkide ziren Cartera Saraspe S.L. enpresak egin behar zituen etxeak eta eraiki aurretik dirua emateko kontratuak, berriz, hirugarren lagun batek, Julian Ernesto Ochoa Ruizek sinatu zituen. Hiru etxebizitzaren salerosketa-kontratuak saltzaileek eta erosleek sinatu zituzten eta azken horiek, gainera, diruaren zati bat aurreratu zuten. Baina enpresa sustatzaileak kiebra jo zuen eta, horregatik, azkenean ez zituzten etxeak eraiki. Epaian jasotakoari jarraituta, "kontratuko hainbat hitzarmen urratu baziren ere, kontratua sinatu zen unean, enpresak beste hainbat bete zituela eta etxeak eraiki eta emateko joera zutela berretsi da". Horrekin batera, "azken uneraino etxeak egiteko benetako aukera" zegoela diote, "ustekabean finantziaziorik gabe gelditu ez balira eta mundu mailako krisiak bat-batean eztanda egin izan ez balu" gaineratuta. Beraz, "kontratua ez betetzeko arrazoia nahigabekoa izan zela" eta  "ez zela iruzurrik egon" ondorioztatu dute.