Eibarko Udalak 2.000 euroko diru-laguntza bidaliko du Indonesiara

Eibarko Udalak 2.000 euroko diru-laguntza bidaliko du Indonesiara
2018/10/15 eta kitto!
Eibarko Udalak, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez, 2.000 euroko larrialdiko diru-laguntza bat bideratu du, irailaren 28an Indonesian izandako lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz sortutako kalte larriak arintzen laguntzeko. Horrela Eibarrek elkartasuna adierazi nahi dio Indonesiari, azken asteotan izandako hondamendiengatik: izan ere, 7,5 graduko lurrikarari eta Donggala, Mamuju eta Palu inguruak kolpatu dituen tsunamiari, abuztuan irlak astindu zituzten hainbat lurrikarak eragindako triskantza gehitu behar zaio.

Kopuru ofizialek 400 hildako aipatzen dituzten arren, Indonesiako Gurutze Gorriak egindako txosten baten arabera 1.000 hildakotik gora dago eta kaltetutako populazioa milioi eta erdi biztanle baino gehiagokoa da. Ia 200.000 pertsona urgentziazko giza laguntzaren premian daude, eta horieko 50.000 umeak dira.

Udalak Indonesiarako jarritako 2.000 euroak Giza Laguntzarako Proiektuen “hondamendi naturaletarako dohaintzak” partida barruan sartu dira. Udalak urtero partida ekonomiko bat jartzen du halako kasuetarako, urtean zehar eta munduko edozein lekutan sortzen diren unean uneko premiei erantzuteko.