Eibarrek hainbat kirol ekitaldi jasoko ditu asteburuan

Eibarrek hainbat kirol ekitaldi jasoko ditu asteburuan
2017/03/10 eta kitto!
Pilotak, waterpoloak, errugbiak eta eskubaloiak hartuko dute protagonismo nagusia gure herrian gaurtik domekara arte luzatuko den kirol agendan. Pilota arloan Astelenak gaur bertan zabalduko ditu ateak afizionatuen mailako bi partidu eskaintzeko; domekan, bestalde, profesionalen binakako txapelketaren azken faseko lehen jardunaldian Irribarria-Rezusta eta Elezkano-Zabaleta bikoteek lehiatuko dute nor baino nor. Lehen partidua ere ez da nolanahikoa izango eta Altuna eta Merino II.a izango dira tartean. Orbea kiroldegiko igerilekuak, bestalde, inoiz baino asteburu beteagoa izango du gaurtik domekara arte, waterpolo sei partidurekin. Gizonezkoen lehen taldeak gaur Fortuna hartuko du eta domekan Claret Askartza eta emakumezkoen taldeak ere bitan jokatuko du asteburu honetan, biak ere bihar, WP 98 02 eta Larraina taldeen aurka. Gizonezkoen bigarren taldeak Fortuna/Hernani jasoko du bihar eta infantil misto taldeak Claret Askartza domekan.  Unbera igota, errugbiak asteburu interesgarria izango du, bihar eta etziko programazioarekin. Bihar 14 urtetik beherakoenen txanda izango da, Gaztediren bisitarekin, eta domekan senior mailakoek jardungo dute puntuen bila: gizonezkoek Ourense hartuko dute eta emakumezkoek, jarraian, Hernani. Eskubaloian ere asteburu aberatsa dugu zai: Somos Eibarrek Quiron Askartza hartuko du zapatuan eta Haritzak Urnieta domeka goizean. Saskibaloian Katu Kale Alde Zaharra C menperatzen ahaleginduko da bihar, goiko postuei eusteko. Eta foballean, azkenik, lehen taldeek kanpoan jokatuko dute oraingoan: gizonezkoen Eibarrek Osasunari egingo dio bisita astelehenean eta emakumezkoenak Gasteizen jokatuko du domekan Aurrera Vitoriaren aurka. Hori bai, beteranoen arteko hiru jardunaldi hartuko dituen torneoa jokatuko dira bihar goizean Ipuruako anexoan, 15 partidurekin guztira.

Ordutegiak ikusteko, KIROL AGENDA kontsulta dezakezue.