Eibarren egindako harrobi lana Rioko Olinpiadetan

Eibarren egindako harrobi lana Rioko Olinpiadetan
2016/07/29 eta kitto!
Abuztuaren 5etik 21era arte jokatuko diren Rioko Olinpiadetan bere lehen urratsak Urbat igeriketa taldearekin egindako Markel Alberdi eibartarra izango den bezala, badira beste bi kirolari Eibarkoak izan gabe gure herriko talde batean eman zituztenak euren kirol modalitateko lehenengoko pausuak. Ion Izagirre eta Ane Santesteban txirrindulariak Debabarrena Eibarko Klub Deportiboko taldearekin jardun zuten orain dela ez urte asko. Izagirrek afizionatuetan Debabarrena-Kirolgin ibili eta gero, 2009an profesionaletara egin zuen jauzia Orbearekin fitxatuta eta, ondoren, Euskaltel-Euskaditik pasatuta, gaur egun Movistar Team taldeko txirrindularia da. Aurreko asteburuan amaitu zen Tourreko azkenaurreko etapa irabazi zuen, iaz Poloniako Itzulia bereganatu zuen eta aurretik, Euskaltel-Euskadirekin, Italiako Giroko etapa bat irabazitakoa da. Horrez gain, aurten Espainiako txapela jantzi du erlojuz kontrako proban eta Rion errepideko eta erlojuz kontrako probetan hartuko du parte. Ane Santestebanek, bestalde, Debabarrena-Kirolgin eman zituen profesionaletako bere lehen urratsak, 2009tik 2011ra arte eta, geroztik, Bizkaia-Durangon, Alé Cipollini eta INPA-Sottoli-Giusfredi taldeetan egin du ibilbidea, aurten Alé Cipollinira bueltatzeko. Estatuko txirrindulari onena izendatua, bera izango da ordezkari bakarra Jokoetan, txirrindularitza lagatzekotan zegoenean sortu zitzaion azken aukera aprobetxatuz. 2013an Espainiako txapela jantzi zuen errepideko proban, iaz bigarren sailkatu zen proba berean eta 2012an hirugarrena izan zen. Bi kirolari horiek ondo erakusten dute Juanjo Sebastianek zuzendu izan duen (eta oraindik ere zuzentzen diharduen) gure herriko taldeak txirrindularitza amateurraren alde egindako lana, bai gazteenekin eta, batez ere, emakumezkoen kirola sustatzeko. Eta, emakumeekin jarraituz, itxaropena ere badugu tenisean Garbiñe Muguruzak (eibartarra izan gabe, gure herriarekin lotura duen kirolaria) domina irabazteko borroka horretan izango dela. Onena opa diegu guztiei!