Eibartarrak San Andres eguna ospatzen hasteko prest

Eibartarrak San Andres eguna ospatzen hasteko prest
2018/11/29 eta kitto!
San Andres Eguna bihar izan arren, nahi izanez gero gaurtik ospatzeko aukera badago, besteak beste arratsaldetik hasita Untzagako karpan musika emanaldiak egingo dira eta: 17:30ean haurrentzat disko-festa eskainiko du Arima Coolek. Eta ondoren, 19:30etik aurrera, Nor naiz eta Versionarios taldeek kontzertua emango dute.

Eta bihar, urtero lez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako produktuen erakusketa, lehiaketa eta salmenta egingo dira goizean goizetik zabalduko den azokan. Aurten 64 ekoizle bilduko ditu azokak (32 bizkaitar, 21 gipuzkoar, bederatzi arabar eta bi nafar). Postuak, berriz, Txaltxa Zelaian eta Untzagan ipiniko dituzte eta, besteak beste, barazkiak, frutak, eztia, gazta, txakoliña, ogia eta lorak salduko dittuzte. Eibarko hiru baserri egongo dira azokan: Loixola, barazkiekin, eta Iturrikoa eta Sosola, ogiarekin.

sanandresak_(S)35

Abere erakusketa Calbetonen

San Andres azokan salgai ipiniko diren produktuez gain, eskualdeko 10 baserritatik ekarriko dituzten abere ezberdinak erakutsiko dituzte. Aurtengo erakusketa tokiz aldatzea erabaki dute eta Calbeton kalean egingo da. Besteak beste behiak, idiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak, hegaztiak eta untxiak egongo dira. Erakusketan parte hartuko duten baserriak, bestalde, Sumendixa Goikua, Loixola, Agarre, Amazabalegi, Mandiola Gainekua, Aritxulueta, Zumaran, Iturrua, Orbe, Mendigoitxi eta Arimendi dira.

Taloak, udaletxeko arkupeetan

Eta San Andres egunean benetan harrera ona izaten duten taloak jateko, oraingoan udaletxeko arkupeetara joan beharko da, Urbat waterpolo taldekoek urtero ipintzen duten talo-postua hortxe egongo delako.

sanandresak_(M)447

Plazara Dantzara, eguerdian eta arratsaldean

Aurtengo programan topatuko dugun beste berritasuna dantzaren eskutik ailegatuko zaigu: barixakua dela aprobetxatuta, Kezka dantza taldekoek beti egiten duten eguerdiko Plazara Dantzara saioaz gain, aurten arratsalderako bigarren saio bat antolatu dute: 19:00etan hasiko da, Untzagan, eta Garikoitz Otamendik eta Patxi Monterok gidatuko dute.

Jaixak Herrixak Herrixandako

Horrez gain, San Andres eguna dela eta, Jaixak Herrixak Herrixandakok egitarau berezia prestatu du: planarekin bat egitera animatzen direnak 13:00ean Guridi tabernan elkartu eta, denak elkarrekin, azoka ikustera joango dira. Ondoren, poteoan ibiliko dira, bazkaltzera joateko ordua ailegatu arte. Izan ere, babajana egingo dute Untzagan, 15:30ean. Eta egunerako egitaraua biribiltzeko, 18:30ean poteo girotua hasiko dute. Parte hartzera animatzen diren gazteei baserritar jantzita joateko dei egin diete.

san andres kartela 2018

 

SAN ANDRES EGUNEKO EGITARAUA


09:30: XL. San Andres nekazal azokaren epai-mahaiaren lanen hasiera.

09:30: Ganadu erakusketa. Calbeton kalean.

12:00: Bikoteka aizkolarien txapelketa: gazte txapelketan 2 bikote eta helduen txapelketan 3 bikote. Klub Deportiboaren parean.

12:00: German Meabebasterretxea eta Mikel Mendizabal bertsolarien eta Jainaga eta Narbaiza trikitilarien emanaldia eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolaren trikitilarien kalejira.

12:30: Plazara Dantzara Erromeria Kezka Dantza Taldearen eskutik, Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin. Untzagan.

13:00: San Andres azoka, pintxo txapelketa eta kartelen sari banaketa. Untzagan.

19:00: Plazara dantzara erromeria, Garikoitz Otamendi musikaria eta Patxi Monteroren dinamizazioarekin. Untzagan (karpan).