Afrikara begira

Afrikara begira
2019/09/13 eta kitto!
Europan hazi da Oraçao Sambu eta esker oneko berbak besterik ez ditu hemen jaso duen guztiagatik, baina berak izan duen aukera izan ez duten herrikideak laguntzeko erabili nahi du hemen jasotakoa. Errugbian hain beharrezkoa den solidaritatea barrenean darama, gurasoen berbetatik ezagutzen duen jaioterria bezala.

 

Herrialde bi, herri bakarra

Oraçao Sambu Angola eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren artean jaio zen. “Herrialde bi dira, baina herri bera osatzen dugu. Angolar-kongolartzat dut neure burua”. Kongoko aitaren eta Angolako amaren alaba, urte birekin utzi zuen jaioterria. “Aitak negozioak zituen Angolan, baina Angolan eta Kongon gerra giroa zegoen eta edozein momentutan dena galdu genezakeen. Beraz, gurasoek alde egitea erabaki zuten”. Frantziara joatea zen euren helburua, baina Madrilen amaitu zuten bidea. “Madrilera iritsi eta hurrengo egunean nire neba eta ahizpa jaio ziren, eta asiloa eskatu behar izan genuen”. Madriletik Torrelavegara joan ziren eta handik Santanderrera. “Han pasa dut nire bizitzaren zati handiena, orain dela bost urte Eibarrera etorri arte”.

 

Kongora itzultzeko prestatzen

Urte birekin utzi zuen bere jaioterria eta inoiz ez da itzuli, baina bihotzean darama. Gurasoek igorri dioten sentimendua gehiago elikatu du azken urteotan eta Kongoko egoera hobetzeko lan egiteko asmoa du. “Zientzia Politikoak ikasten hasi naiz, hara itzuliko naizela dakidalako eta hemen ikasitakoa nire jaioterriari eskaini nahi diodalako”. Oraçaok arreta handiz jarraitzen du Kongoko errealitatea eta diasporako hainbat talderekin kontaktua du, baina egunotan zuzenean iristen zaizkio mezuak Afrikatik. “Aita Kongon dago orain, aspaldi joan gabe egon delako. Presidente berria dugu eta, antza denez, ona da”. Oraçaok Kongora joateko gogo handia du eta, ondo bidean, datorren urtean hara joango da. “Ziur naiz joango naizela, ez bisitan bakarrik, baita bizitzera ere. Aitak beti esan digu gure tokia han dagoela”.

 

Ohiturak errespetatuz

Ia bizitza osoa Europan bizi izan badu ere, Afrikako sua beti egon da piztuta Oraçaoren etxean. “Hizkuntzari dagokionez etxean nahasketa bat egiten dugu lingala (Angola eta Kongoko hizkuntzetako bat), kikongoa (aitak bakarrik erabiltzen duena, Angola eta Kongoko beste hizkuntza bat) eta frantsesaren artean”. Bere jaioterriko janaria ez zaio gehiegi gustatzen, baina gurasoek prestatu egiten dute. “Jaki afrikar asko egiten dituzte”. Hori bai, kristauak diren heinean, errezatu egiten dute bazkaldu aurretik.

 

Errugbiko familia

Lagun minei ‘lehengusu’ edo ‘lehengusina’ deitzeko ohitura dutela dio Oraçaok. “Ez diegu euren izenarengatik deitzen”. Familia bezalakoak diren lagunak, ordea, Eibar Rugby Taldean aurkitu ditu. “Jatorri eta kultura ezberdinetako jendea dago taldean eta hori zoragarria da niretzat”. Eibarren ezagutu zuen errugbia eta hasieran amak ez zuen oso begi onez ikusten. “Lehen dantza eta gimnasia erritmikoa egiten nuen, pentsa”. Orain, ordea, gurasoak partiduetara joaten dira ahal duten heinean. Izan ere, Oraçaori asko gustatzen zaio errugbia. “Nahiko basatia naiz”.

 

 

Bana Congo to simbana maboko, Congo elonga

 

Kongoko seme-alabak, elkarri eskutik heldu Kongok aurrera egin dezan