Ana Paula Aravena, Txileko energia Eibarren

Ana Paula Aravena, Txileko energia Eibarren
2023/03/26 eta kitto!
Ana Paula Aravena, Annie, Energia Berriztagarrien gradua ikastera etorri da Eibarrera. Atzean laga ditu Txileko paisaia ikusgarriak, baina hemen aurkitu duena ikusita ez da kexu. Annie Valdivian jaio zen, Txile hegoaldean, Hego Konoko hiririk zaharrenean. “Ez da nire jaioterria delako, baina Valdivia Txileko hiririk politena da”, diosku. “Unibertsitate-hiria da eta jendea oso atsegina da orokorrean. Gainera, toki natural ikusgarriak ditugu inguruan eta asko zaintzen dugu arlo hori. Adibidez, unibertsitatean lorategi botanikoa genuen”. Klima aldetik, ostera, ez du ezberdintasun handirik aurkitu Valdivia eta Euskal Herriaren artean, antzekoa delako. “Han ere nahiko klima fresko eta euritsua dugu”.

 

Aitaren gomendioa

Valdivia toki lasaia eta segurua da, bikaina kalean orduak eta orduak pasa nahi dituzten umeentzat. “Gozamena izan zen han haztea”, bere ustez. Unibertsitate-hiria izanik, Anniek han garatu zuen ibilbide profesionala eta ingeniaritza ikasketak egin zituen. Karrera amaitzen zegoenean Alemaniara joateko aukera izan zuen eta ez zuen birritan pentsatu. “Frankfurt ezagutu nuen, baina batez ere inguruko fabrikak”, dio barrez. Fabrikak agian ez dira oso ederrak izango, baina asko gustatu zitzaion energia berriztagarrien inguruan egiten zuten lana eta horren inguruan gehiago ikasteko gogoa piztu zitzaion. “Kasualitatez, aita Bilbora etorri zen eta Eibarren gradu hori ikasteko aukera zegoela jakin zuen. Izena eman nuen, baiezko erantzuna jaso eta denbora gutxian bidaia guztia prestatu behar izan nuen”, gogoratzen du.

 

Gustokoa ala ez?

Urte eta erdi darama Eibarren bizitzen, baina etorri aurretik Eibarren inguruan ezer ez zekiela aitortzen du. “Gainera, guztia prestatzen arrapataka ibili nintzenez, ez nuen ezer begiratzeko aukerarik izan”, diosku zintzo. Beraz, aurreiritzi barik iritsi zen eta heldu zenean ez zekien zer pentsatu. “Ez nekien herria gustatzen zitzaidan ala ez”, dio barrez. “Ezberdina da, badu bere xarma. Ez du Valdiviak dituen natur guneak, baina mendiz inguratuta dago, kostaldea hurbil du, beste toki batzuetara joateko ondo kokatuta dago”.

 

Eibartarrak ezagutzeko gogoz

Annie Hezkuntza Esparruan bizi da eta han dauden beste ikasleekin du harremana batez ere. Kontatu digunez aldeak aurkitu ditu Txileko eta Eibarko pertsonen artean, eta hangoak beroagoak direla dio. “Hemen jendearekin erlazionatzeko beste modu bat duzue. Koadrilak dituzue eta nahiko itxiak dira. Eibarko jendea ezagutzea nahiko nuke, baina pandemiak ere ez du asko laguntzen”, dio atsekabez. “Valdivian, hemen egiten den bezala, jendeak kalean egiten du bizimodua, baina han parkeetara eta oinez ibiltzera irteten gara. Hemen gehiago da taberna batera zerbait hartzera joatea”, igarri duenez. Beraz, batzuetan entzungailuak jarri eta Eibartik paseatzen ibiltzen da, Valdivian egongo balitz bezala.

 

Pandemiarengatik Txilera

Pozik dago Eibarren, ikasketekin eta bizitzen diharduen abenturarekin, baina familiaren eta jaioterriaren falta igartzen du. Pandemiak ez du laguntzen, baina hara joateko aukera eman dio gutxienez. “Iazko ikasturtean klaseak bertan behera laga zituzten eta erresidentzia itxi zuten. Orduan, Aragoiko lagun baten etxean hainbat aste egin ondoren, Txilera itzultzea erabaki nuen”, gogoratzen du. Sei hilabete egin zituen han eta ikasturte berria klasetik 11.000 kilometrotara hasi ondoren, berriz dago Eibarren. “Goizeko ordu bietan esnatu behar izaten nuen hemengo ordutegiarekin bat egiteko. Ez zen erraza izan, baina ondo moldatu naiz ikasketekin”, diosku. Bide batez, bere txiletartasuna sendotzeko aprobetxatu du etxean. “Ez nuke nire azentua galdu nahi izan”, dio harro. Hori bai, hasi da euskara pixka bat ikasten. “Lagun batek klaseak ematen zizkigun erresidentzian eta tira, testuinguruaren arabera berba eta esaldi batzuk ulertzen ditut”. Oraindik badu denbora gehiago ikasteko eta ez zaio energiarik falta.