Baserritar jantzia duen tangertarra

Baserritar jantzia duen tangertarra
2023/07/06 eta kitto!
Etxea euskarazko oharrez beteta dauka Houda El Khayatik. Komunean, “aurpegia garbitu”; egongelan, “jaso jostailuak”; sukaldean, “edan” edo “jan”; eta abar. “Semeei euskeraz egin nahi diet eta horrela gehiago ikasten dut”. Berbalagun programako kidea da eta euskal kulturan murgiltzeko ahalegin guztiak egiten ditu. Tangerren (Maroko) bizi zenean ez zuen Europara etortzea ere pentsatzen, baina familia osatu du Eibarren.

 

Lehengo eta gaur egungo Tanger

Tangerren jaio zen Houda El Khayati. Tanger txiki batean, bizilagunak ezagutzen zituen Tangerrean. “Orain hori ez da existitzen”. Bere jaioterriak beti izan du izaera internazionala, baina izugarri hazi da azken urteotan. “Zoramena da orain!”. Iazko udan Tangerrera joan zenean arraro sentitu zen, “harrituta”. Ez zaio gustatzen Tangerrek hartu duen itxura eta azken urteotako hazkunde grinatua. “Gainera, bizimodua asko garestitu da eta hainbat balio galdu dira; jendea oso materialista da orain”.

Gurasoen lana jarraibide

Gurasoekin eta beste lau anai-arrebekin bizi izan zen Houda bere Tanger kuttunean. “Pozik bizi ginen”. Bere ama etxekoandrea zen eta aita irakaslea. “Ez ginen aberatsak, nire aitak irabazten zuen diruarekin aurrera egiten zuen familia osoak, baina ez zitzaigun ezer falta izan”. Lursail txiki bat erosteko aukera izan zuten eta poliki-poliki etxea eraikitzen joan ziren. “Gurasoek lan handia egin zuten guri ahalik eta bizitza onena eskaintzeko. Eredu izan dira guretzat”.

Mundua ezagutzeko gosea

Ekonomian lizentziatua da Houda. “Sarrikon pare bat ikasgai egin behar izan nituen nire titulua homologatzeko eta, bitartean, graduondoa ikasi nuen Bartzelonan”. Orain, bere seme gazteena eskolan hasteko zain dago masterra egiten hasteko. Gestoria batean egin zuen lan sei urtez Marokon, eta nazioarteko garraio enpresa bateko finantza arduraduna izan zen. “Ez zitzaidan lanik edo dirurik falta, baina gauza berriak ezagutu nahi nituen eta Kataluniara joan nintzen, anai bat han bizi zelako”. Bere asmoetan ez zegoen Europara etortzea, baina bere bizitza monotonoari bizigarria eman nahi zion. “Oso lan ona utzi nuen Marokon eta McDonalds batean hasi nintzen lanean Katalunian”.

Euskal kulturan murgilduta

Beste herrialde batzuetako jendearekin harremana izan zuen Houdak bere lanari esker eta horrek asko lagundu zion Europako bizimodura egokitzeko orduan. “Hala ere, buruko zapiarengatik eta janzkeragatik erretxazoa sentitu izan dut pixka bat, baita etxea aurkitzeko orduan ere. Gero, ezagutzen nautenean ez dago arazorik”. Lanetik etxera, gero ikastera eta familiarekin ondoren, Houdak ez zuen denbora askorik izan Kataluniako kultura ezagutzeko. “Euskal Herriko kultura, ordea, asko sentitu izan dut eta barrutik bizi dut. Baserritar jantzia ere badaukat!”.

Semeen eredu

Gurasoek Houda eta anai-arrebekin egin bezala, Houdak ere eredua izan nahi du bere hiru semeentzat (Rayan, Ilyas eta Adam). “Eurak euskaldunak sentitzen dira eta nik euskal kulturaren alde egiten dut eredu izateko. Ni naiz gakoa”. Senarrarekin arabieraz egiten du Houdak, baina semeekin euskaraz egin nahi du eta buru-belarri dabil bere nahia betetzeko. “Umeen eskolan, Arrateko Andra Marin, euskarazko klaseak ematen dizkigute gurasoei. Aurrean jarri zaizkigun oztopoak gainditzeko laguntza handia eskaini digu eskolak eta, ondorioz, eskolako gurasoen arteko elkarbizitza zoragarria da”.

 

الضيف ما يتشرط و مول الدار ما يفرط

Dayf ma yetsharret w mol dar ma yfarret

Gonbidatua ez da zorrotza eta astuna izan behar, eta anfitrioiak ahal duena egin behar du gonbidatua asetzeko