[BIDEOA] Hiru ingeles ilustre

[BIDEOA] Hiru ingeles ilustre
2022/06/03 09:06
eta kitto!
Ingalaterrako bihotzetik iritsi dira Eibarrera Stuart Davidson, David Brooks eta James North. Stuart Darlingtongoa da, David Harrogatekoa eta James Silsdengoa. Hau da, lehenengoa Durham konderrikoa, eta beste biak Yorkshirekoak; denak Ingalaterra iparraldekoak. Beraz, euren jaioterriak elkarrengandik nahiko hurbil zeuden, baina ingelesa erakusteko eta beste kultura, hizkuntza eta toki batzuk ezagutzeko gogoak batu ditu Eibarren.

 

Eibarrera zertara?

Jamesek bi urte daramatza hemen, Stuartek lau eta Davidek bost. Baina nola iritsi zinen hona? “Euskara ikasi nahi nuen”, diosku Davidek euskara hutsean. “Pentsatu nuen Bilbora edo Donostiara joanez gero jendeak ingelesez edo gazteleraz egingo zuela gehiago. Beraz, Eibar toki egokia iruditu zitzaidan euskara ikasteko”, gehitzen du. Jamesen historia “aspergarriagoa da”, bere ustez. Hemen inguruan ingelesezko irakasle bila zebiltzala ikusi zuen egunkariko iragarki batean, izena eman zuen, baiezkoa jaso eta horregatik etorri zen. “Eta bide batez euskara ikastera ere bai”, azpimarratzen du. Stuartek, Davidek bezala, Euskal Herriko hiriburuetara joatea baztertu zuen, toki txikiago batean Euskal Herriko bizimoduaren benetako esperientzia biziko zuelakoan. “Oso pozik nago egin nuen aukeraketarekin”, baieztatu digu, “eroso nago eta benetako esperientzia bizitzen dihardut”.

 

Lehen inpresioa

Etorri aurretik ez zekiten gauza askorik Eibarri buruz. “Foball taldea ezagutzen genuen batez ere”, esan digutenez. “2017an, etorri nintzenean, Eibar herri itsusienen artean zegoela irakurri nuen nonbaiten. Ba ez dakit, niri gustatzen zait”, Davidek dioenez. “Barixaku arratsalde batean iritsi nintzen eta herrian demaseko giroa dagoela ikusi nuen berehala. Asko gustatu zitzaidan, nahiz eta batzuetan gehiegizkoa izan, hiri erdian bizi garelako”, diosku barrez Jamesek. Stuartek ere gauza bera atzeman zuen: “Demaseko bizia du herriak”. Bestalde, Eibarko orografiaren ezaugarriek ere atentzioa eman diete. “Herrian ez dago espazio handirik eta harrigarria egin zitzaidan kaleetan eskailera mekanikoak ikustea. Sekula ez nuen horrelakorik ikusi!”, dio Jamesek.

 

Eibarko giroa gogoko

Hirukoteak ez du inolako arazorik izan Eibarko bizimodura egokitzeko. Izan ere, euren berbetan, ez dago hainbesteko alderik hango eta hemengo bizimoduen artean. “Ez da hain ezberdina”, Daviden ustez, “agian hemen pixka bat beranduago bazkaltzen eta afaltzen dugula, baina bestela...”. “Beste ezberdintasun bat da hemen dendak eguerdian eta domeketan ixten dituztela”, gehitzen du Jamesek. Stuartek beste kontu bat azpimarratzen du: “Asteburuetan familia-giroa ikusten da kaleetan, elkarrekin gozatzen, taberna kanpoan, jatetxeetan, eta abar. Ingalaterran, orokorrean, helduak lagunekin irteten dira zerbait hartzera, umerik gabe. Hemengo giroa nahiago dut”.

 

Euskaraz trebatzen

Irakasleak izanik, hizkuntza gaietan adituak dira, baina hona iritsi zinenean, normala denez, gorabeherak izan zituzten, nahiz eta orokorrean ondo moldatu. “13 urte nituenetik gaztelera ikasi dut eta, zentzu horretan, ez nuen arazorik izan”, diosku Jamesek. Davidek, ordea, beste egoera bat bizi izan zuen. “Duolingo mugikorreko aplikazioan 30 egunez jo eta su ibili nintzen gaztelera ikasten eta euskarazko liburuxka bat ere lortu nuen”, diosku. Beraz, hasieran gehiago kostatu zitzaion, baina gaur egun ondo moldatzen da euskaraz. Stuartek, bere aldetik, ez zuen gaztelerazko edo euskarazko ikastarorik jaso hona etorri aurretik, “baina hizkuntzak ikastea maite dut (Frantzian eta Andaluzian bizi izan da hainbat urtetan) eta euskarazko berba eta esaldi batzuk ikasi ditut. Denbora gehiago dudanean euskaltegira joatea nahiko nuke gehiago ikasteko”, esan digunez.

 

Eibartarrak ingelesez

Eta eibartarrak nola moldatzen dira ingelesez? “Batzuetan, kalean ingelesez berba egiten entzuten digutenean, batzuk berba egitera etortzen zaizkigu ingelesa praktikatzeko gogoz”, diosku Jamesek. Stuartek ere gauza bera atzeman du. “Jendeak ingelesa praktikatzeko gogoa du”, dio. “30 urtez azpikoek, normalean, badakite ingelesez egiten, baina nagusiagoei gehiago kostatzen zaie”, Daviden ustez. “Dena dela, guk dugu hemen euskaraz berba egiteko ardura, ez eibartarrek ingelesez aritzekoa”, gehitzen du.