Bienvenue Biokou, foballaria izan nahian

Bienvenue Biokou, foballaria izan nahian
2023/09/19 09:00
eta kitto!
Foballari izateko ametsak ekarri du Bienvenue Biokou Eibarrera, baina bidea ez da batere erraza izan. Gineako Errepublikan jaio zen, Konakry hiriburuan. Foballzale amorratua, Marokon kirol honetan jarduteko apustua egin zuen, baina engainatu egin zuten. Horren ondoren, Gibraltargo itsasartea gurutzatzea erabaki zuen, Bienvenuek inoiz imajinatuko ez zuen bidaian. Frantzia iritsi nahian, mugaren beste alde honetan geratu behar izan zuen eta orain guztiz eibartartuta dago. Foballaria izateko ametsak, berriz, bizirik dirau.

 

Ikasketak lehenik

Bienvenuek 20 urte ditu, baina liburu bat baino gehiago idazteko adina historia ditu kontatzeko. Bi irakasleren semea, guraso zorrotzek esaten ziotenari men egin behar izaten zion haurtzaroan. “Nire pasioa foballa zen eta denbora guztian foballean egin nahi izaten nuen, baina eskolako lanak egin arte gurasoek ez zidaten jokatzen uzten. Hala ere, oso haurtzaro polita bizi izan nuen”. Ozeano Atlantikoak inguratzen du Konakry eta milioi eta erdi biztanle inguru ditu. “Han ez dugu diru askorik, baina bai beste era bateko aberastasunak”, dio harro, “jendeak berba asko egiten du Afrikaren inguruan, baina estereotipoz beteriko iritziak dira. Ez da oso kontinente garatua, baina oso gauza onak ditu”.

 

Bidegurutzea Marokon

Gineako foballean hiru maila nagusi daude eta hortik behera ez dago antolakuntza handirik. Bienvenuek foball-eskola batean jokatzen zuen eta hainbat herrialdetan txapelketak jokatu ditu. 17 urterekin, bere herrialdeko foballean aurrera egiteko aukera urriak ikusita, atzerrira joatea erabaki zuen. “Beldurra ematen zidan txalupa batean sartu eta itsasartea zeharkatzea. Beraz, Marokon foball munduko pertsona bat ezagutzen nuenez, hara joan nintzen”, gogoratzen du. Marokon, ostera, ez zuen espero zuena aurkitu. “Pertsona hark engainatu egin nahi izan zidan”. Ez atzera ez aurrera geratu zen: etxera itzuli edo aurrera egin, eta bigarren aukera hartu zuen.

 

Itsasartea zeharkatzen

“Marokon erabaki nuen itsasartea zeharkatzea, ordura arte ez zitzaidan burutik pasatu ere egin”, aitortu digu Bienvenuek. Egoera berean zeuden hainbat pertsonekin bat egin zuen bidaia egiteko, baina ez zuen edozein modutan egin nahi. “Hor mafia asko dago eta nik ahalik eta modu seguruenean zeharkatu nahi nuen. Ez nuen presarik”, dio. Eta eguna iritsi zen. “Uretan sartzea kostatu egin zitzaigun, baina gero ez zen hain gogorra izan. Bederatzi ordu inguruko bidaia izan zen Malagara iritsi arte eta lurreratu ginenean ohartu nintzen egindakoa zein arriskutsua izan zen, atzera begiratu eta itsasoa ikustean. Ez nuke berriz egingo!”, dio seguru.

 

Toki bila

Hamabi egun besterik ez zitzaizkion falta 18 urte betetzeko, eta Algecirasko adin txikikoen zentrora eraman zuten lehenik eta Cadizera gero. “Oso zentro txarra zen, egoiliarren jokabidea oso txarra zelako eta ez zutelako ezer ikasi nahi”. 18 urte bete zituenean, dokumenturik ez zuenez, ezin izan zuen bere adina frogatu eta han jarraitu behar izan zuen, lagun batek ihes egiteko aukera eman zion arte. “Auto baten bila etorri zitaizkion eta, berarekin negoenez, igo eta joan egin nintzen. Orduan deitu nuen etxera Espainian nengoela esanez”. Frantziara joan nahi zuen, baina ez zioten pasatzen laga eta Gasteizen geratu zen. Gero, Eibarko familia batek bere etxean hartu zuen. Tartean, aita hil zitzaion eta ezin izan zuen agurtu. “Gogorra da hain urrun bizitzea eta familia ezin bisitatzea”, dio atsekabez.

 

Eibarren geratzeko asmoz

Itsasartea gurutzatu zuenean gazteleraz ez zekien tautik ere, baina hiru urte geroago dotore egiten du. Erraztasuna du hizkuntzak ikasteko. “Ginean frantsesa da hizkuntza ofiziala, baina nik beste lau dialekto dakizkit”. Gainera, ingelesez ere ondo moldatzen da eta euskara ikasteko asmoa du. Orain, Armeria Eskolan ikasten hasi da eta Ermuko foball taldeko aurrelaria da. “Ondo moldatu naiz hemengo bizimodura eta oso lagun onak ditut”. Hemen ikasitakoarekin eta jasotako esperientziarekin ekarpena egin nahi dio bere herrialdeari. “Baina foball talde batekin kontratua sinatzen badut, pixka bat itxarongo dut hara bueltatzeko”, dio irribarrez eta itxaropentsu.