Eibarren, Jambolen bezala

Eibarren, Jambolen bezala
2023/02/08 10:22
eta kitto!
Nikolai izena dutenei Kolyo esan ohi zaie Bulgarian modu informal edo maitekorrean. Gure bizilagunaren izena, ordea, Kolyo da ofizialki. “Aitxitxa ere horrela deitzen zen eta berarengatik jarri zidaten izena”. Kolyo Dikov Kolev (“-ev amaiera jartzen zaie abizenei Bulgarian”) 2016an iritsi zen Eibarrera, 2000. urtetik Madril eta Valladoliden bizi eta gero. Berehala gustatu zitzaion Eibar, bere jaioterriaren antza duelako, eta ez dauka beste toki batera joateko asmorik.

 

Trantsizio latza

Jambol izeneko hirian jaio zen Kolyo, Sofia (Bulgariako kapitala) eta Itsaso Beltzaren artean, “Sofia eta Burgas batzen dituen autobidearen erdian”. Hiri industriala da, “industria oso ona gainera”, eta 90. hamarkadaren hasieran 90.000 biztanle inguru zituen, baina gaur egun 70.000 pertsona bizi dira. “Sobietar Batasunaren orbitatik hurbil zeuden herrialdeen merkatua azkar desegin zen 90. hamarkadan eta, ondorioz, produkzioa asko jaitsi zen eta enpresa askok ateak itxi behar izan zituzten”. Trantsizioa deitzen diote sasoi horri. Kolyok lan egiten zuen enpresak ere produkzioa jaitsi zuen eta beste zerbait bilatu behar izan zuen. “Aitak lurrak zituen eta berarekin lanean ibili nintzen, baina gauzak ez ziren ondo irten eta Bulgariatik alde egin nuen”.

 

Gurasoak Madrilera, alabak unibertsitatera

Bulgariatik Madrilera joan zen Kolyo, eta emaztea eta alaba biak Jambolen geratu ziren alabek ikasketak amaitu ahal izateko. “Gero, zaharrena Dortmundeko (Alemania) unibertsitatera joan zen eta gazteena Bristolera (Ingalaterra)”. Emaztea Kolyorekin bildu zen Madrilen eta Valladoliden ere pare bat urte egin zituzten. Bikoteak gogor egin zuen lan alaben ikasketak ordaintzeko, “baina emazteak minbizia izan zuen eta hil egin zen”. Gaur egun alaba biak Alemanian bizi dira, baina Gabonetan eta udako oporretan eurekin egoteko aukera izaten du Kolyok. “Gainera, alaba zaharrena Donostiarekin maiteminduta dago aspaldi, ni Euskal Herrira bizitzera etorri baino lehen, eta aitzakia ona da hona bisitan etortzeko”.

 

Zilindro hidraulikoen zirkulua ixten

Zilindro hidraulikoak egiten hasi nintzen lanean eta berdin amaituko dut”. Bulgarian hasi eta Eibarren itxiko du zirkulua Kolyok, Mallabiko Larzep enpresan. Madrilen lanean zegoenean enpresak Mallabira pasatu zuen produkzioa eta hona etortzeko aukera eman zion Kolyori. “Maleta egin eta berehala etorri nintzen”. Euskal Herriko paisaia eta klima oso gustoko ditu, “nire herrialdearen oso antzekoak dira”, eta Jardiñeta kalean pozik bizi da bere bikotearekin. “Mendia ikusten dugu leihotik, toki lasaia da eta lantokitik hurbil dago”.

 

Bulgariako etxea zaintzen

Bulgariako beste lankide batekin etorri zen Kolyo Eibarrera eta oso harreman ona dauka herrian ezagutu duen jendearekin. Bestetik, udan Bulgariara joaten da urtero. “Alaba zaharrenaren familiarekin joaten naiz, itsasertzean daukan etxera. Nire etxea ikustera joaten naiz baita ere, inor bizi ez denez konponketak egin behar direlako”. Aldiz, Kolyok ez dauka hara bizitzera itzultzeko asmorik, “oporretan bakarrik”. Ondo ohitu da hemengo bizimodura. “Jatorri kristaua dugu guk ere, eta nahiz eta gu ortodoxoak izan, antzera ikusten dugu bizitza”.

 

 

Dobăr den

Egun on