Foballa, Aboubacar Diarraren amets eta errealitate

Foballa, Aboubacar Diarraren amets eta errealitate
2023/06/14 eta kitto!
Aboubacar Diarra Bamakon jaio zen, Maliko hiriburuan. Herrialdeko hiririk garrantzitsuena izanik, ia bi milioi biztanle ditu eta hango hiri-hazkundea Afrikako handiena da. “Maliko toki guztietatik etorritako jendea bizi da Bamakon, lan egiteko aukera gehiago dagoelako”, diosku Aboubacarrek. “Hiriburuan jaio garenek ez dugu lan askorik egiten, bizitzaz gozatzen saiatzen gara. Kanpotik datozenek diru gehiago irabazten dute, buru-belarri egiten dutelako lan”, dio. “Guk denbora asko pasatzen dugu kalean, etxeko atarian jarrita, lagunekin berbetan, tea hartzen…”, azaltzen digu.

 

Elkarri laguntzen

Europan bizi arren, noizean behin Malira joateko aukera du eta, txikitako esperientziaren harira, gaur egun egoera ezberdina dela diosku. “Oporretan joan naizenean gauzak aldatu egin direla ikusi dut. Umeak ez daude kalean, diru bila baizik, familiari laguntzeko”, kontatu digu. “Gazteagoa nintzenean, norbaitek dirua behar bazuen, elkar laguntzen genion. Beti egin dugu lan bata besteari laguntzeko. Gainera, familian oso harreman estua dugu”, diosku sei anai-arreba dituen Aboubacarrek. Horrela, nahiz eta norbaitek arazo ekonomikoak izan, inoiz ez zitzaion jatekorik edo lo egiteko tokirik falta izango. “Adibidez, nik auzoko edozein etxetan bazkaldu nezakeen, abisatu barik. Bertara joan, eta kitto. Era berean, ezagunen batek gurean lo egiteko beharra bazuen edo dena delakoa, lasai etorri zitekeen. Gurean hilabeteak pasa duten lagunak ditut”, azaldu digunez.

 

Maliko foballa

Lagunekin elkartzea oso gustoko zuen Aboubacarrek, baina gehiago gustatzen zitzaion foballean egitea eta foballari profesionala izateko ametsak ekarri zuen Euskal Herrira. “Malin, lehen mailan jokatu arren, ez dituzu ehun euro ere irabazten hilean”, esan digu. “Hango foballean korrupzio asko dago. Kadete mailan jokatzen nuenean, adibidez, Maliko selekzioak deitu zidan probak egiteko eta hautatu egin ninduten. Entrenatzailea frantsesa zen, baina Frantzian txapelketa bat jokatzeko atarian geundela, entrenatzailea aldatu zuten, Maliko bat jarriz, eta honek jokalari guztiak aldatu zituen. Dirua zuten jokalariek selekzioan jokatzeko aukera izan zuten eta besteok etxera”, diosku. Maliko foballean aurrera egitea zaila zela ikusita, Aboubacar Europara begira jarri zen, eta bere aita Ermuan bizi zenez, errazagoa egin zitzaion bidea.

 

Malin banbareraz

Aboubacar 17 urterekin eta ilusioz beteriko maletarekin etorri zen, baina euskara edo gaztelera jakin barik. “Hegazkinak Bartzelonan egin zuen geldialdia eta aireportuan ez nekien nora jo behar nuen. Eskerrak Maliko mutil batekin egin nuela topo”, gogoratzen du. Berak frantsesez egiten zekien, Mali Frantziaren kolonia izan zelako eta frantsesa hizkuntza ofiziala delako, baina banbara da bere ama hizkuntza eta herrialdean gehien mintzatzen dena. “Jendeak kalean banbareraz egiten du. Frantsesa ikasteko eskolara joan behar zara”, kontatu digunez.

 

Europa, Afrikar askoren ametsa

Aboubacarrek Eibar FT-n proba egiteko aukera lortu zuen eta, maila bikaina erakutsi zuenez, taldean hartu zuten. Jubeniletan oso ondo jokatu ondoren, Lehen Taldearen deia jaso zuen eurekin entrenatzeko. Orduan, Realaren deia jaso zuen eta, Eibarren jarraitu nahi bazuen ere, Donostiako taldera joan zen. Urte onak bizi izan zituen Donostian, “oso profesionala zen”, baina ezin izan zuen Lehen Taldera jauzia eman. Ordutik, Amorebietan, Gernikan eta Sestaon ibili da, eta Angelun dabil orain, Frantziako ligan. Beraz, foballari izateko ametsa bete duela esan daiteke, eta bere moduko istorioak inspirazio dira Afrikar gazte askorentzat, “baina oro ez da urre”, diosku. “Afrikar askok diru asko gastatzen dute kontinentean zehar bide luzea egin ondoren itsasoa zeharkatu eta Europara etortzeko, hemen bizitza ona izango dutelakoan. Baina gauzak ez dira eurek pentsatzen duten bezala. Ni hemengo errealitatea zein den igortzen saiatzen naiz, baina askok ez didate sinesten”.