Hotzik ez Alexentzat

Hotzik ez Alexentzat
2023/11/25 eta kitto!
Alexek Rio de Janeiro laga zuenean 43º egiten zituen eta Eibar elurtuta ezagutu zuen, baina Alexek ez zuen hotzik sentitu, eibartarrek oso harrera beroa eman ziotelako. “20 egunerako etorri nintzen eta konturatu nintzenerako 4 urte neramatzan hemen”, gogoratzen du. 2006. urteko urtarrilean etorri zen Brasiletik eta Eibarrek berehala erakarri zuen, eibartar bat gehiago bihurtuz.

 

Kontraste handia

Alexandre Dos Santos Rio de Janeiron jaio zen. “Maracana foball zelaitik hurbil dagoen Meier izeneko auzokoa naiz, nahiz eta txikitan Botafogo auzoan bizi”, kontatu digu. “Rio de Janeiron etxe orratzak eta favelak bata bestearen alboan daude”, bere berbetan, “eta klase sozialen berdintasun eza oso nabaria da”. Gauzak horrela, Alexentzat ez zen erraza izan Rio de Janeiroko kaleetan haztea. “Nire auzoan normala da biolentzia ikustea eta txikitako oroitzapen txarrak ditut zentzu horretan”, dio Alexek.

 

Maracanaren magiak kutsatuta

Maracana foballaren tenplu bat da eta, nahi ala ez, foballa barrenean darama Alexek. Botafogo taldeko zale sutsua da, baina Vasco de Gama talde handiaren harrobian jokatu zuen eta hainbat taldetan aritu zen Lehen Mailara iritsi nahian, lesioek foballari izateko ametsa zapuztu arte. Orduan, bere bizitzarekin zer egin pentsatu behar izan zuen. “Foballa albo batera lagata, ikasi eta lanean hasi nahi nuen, baina Eibarren lehengusu bat bizi zen eta etortzeko esan zidan”, dio. “Ez bazitzaidan gustatzen, beste toki bat ezagutzeko aukera izango nuen gutxienez”. Baina gustatu zitzaion, nola gainera.

 

Auzokideak laguntzen

Foballari esker du, hain zuzen ere, Brasilekin harreman estua; joan den astean ‘…eta kitto!’-n agertu zen Rio de Janeiroko Eibar FT-ren foball eskolaren ekimena berari esker sortu zelako. “Eibar FT-ko materialaz arduratzen diren Virgilio eta Agustin lagunak ditut eta bazekiten Brasilera joaten naizenean gauzak eramaten ditudala auzokoei emateko. Orduan, Eibar FT-ren erropa eman zidaten eta umeak asko poztu ziren. Pentsa, batzuek ortozik jokatzen dute foballean, nik egiten nuen bezala”, azaldu digunez. Horrela, Alex auzoko umeak entrenatzen zituen Junior lagun minarekin harremanetan jarri zen eta Eibar FT-ren materiala bidaltzen hasi zen. “Proiektua Eibar FT-ren onespenarekin hazten joan zen eta guztiontzat da onuragarria: umeei pertsona eta foballari moduan hazteko aukera ematen dielako, eta Eibarrek bere marka hedatzen duelako”, bere ustez.

 

Igeltsero batek engainatuta

Eibar hasieratik gustatu zitzaion, baina ez zen erraza izan familia eta lagunak Brasilen lagatzea eta euskara eta gaztelera jakin barik hemen aurrera egitea. Hala ere, Eibarren ezagutu zuen jendearen laguntzarekin aurrera egin zuen eta bere egoera legeztatu nahi izan zuen. “Baina engainatu egin ninduten”, dio atsekabez. “Igeltsero batek esan zidan berak lagunduko zidala paperak lortzen. Dirua eman nion eta Brasilera joan nintzen hango paperen bila, baina itzuli nintzenean ez zegoen igeltserorik, ez dirurik, ezta paperik ere”, kontatu digunez. Alex noraezean geratu zen, baina ez zuen ordura arte eraikitako bizitzari uko egin nahi eta ia zerotik hasi zen berriz.

 

Segurtasuna eta lasaitasuna

Alexek neska-lagun eibartarra du eta pozik dago hemen aurkitu duen familiarekin. Gainera, Eibarko bizimodua gustatzen zaio. “Hemengo segurtasuna eta lasaitasuna baloratzen dut gehien”, dio. Bertako gastronomia ere gustatzen zaio, baina etxean Brasilgo jakiak prestatzen ditu. “Nahiko ezberdinak dira, baina biak oso gozoak”, bere ustez. Iaz Rio de Janeirora itzuli zen hilzorian zegoen aita agurtzera, eta ama eta arreba oso hurbil sentitzen ditu milaka kilometrotara bizi arren. “Ama nahiko nagusia da eta arrebak gaixotasun degeneratiboa du, beraz, nire beharra dute”, azaldu digunez. Urrun bizi arren, demaseko laguntza eskaintzen die Alexek, besarkada beroen faltan.

 

 

A pressa é inimiga da perfeição

Presa perfekzioaren etsaia da