Julian Gonzalo Iroz, bizitza berrira ikasbidaia

Julian Gonzalo Iroz, bizitza berrira ikasbidaia
2023/06/07 12:52
eta kitto!
San Carlos de Bolivar Buenos Aires probintzian dago, Argentinako panpan. Han jaio zen Julian Gonzalo Iroz, aspalditik Eibarren bizi den eibartHARTUa. San Carlos de Bolivarrek 26.000 biztanle inguru ditu eta nahiko toki isolatua da. Buenos Aires hiriburua 300 kilometrora dago eta hurbilen dagoen herria, Olavarria, 100 kilometrora. “Bi kurba besterik ez daude errepide horretan”. Bolivar baserri giroko herria da, eta nekazaritza eta abeltzaintza dira diru-iturri nagusiak.

 

Nafarroatik Argentinara

Julianen amak Iroz du abizena, bere jatorri euskaldunaren lekuko. Familia Kasedakoa du, Nafarroa Garaiko hego-ekialdeko udalerri txiki batekoa. Bere familiaren jatorriari esker Julianek Espainiar hiritartasuna lortu zuen eta horretaz baliatu zen Euskal Herrira etortzeko, baina hona iritsi aurretik bazuen Euskal Herriaren berri. “Bolivarren Euskal Etxe eta Nafar Etxe bana dago. Jendea oso euskalduna sentitzen da”. Bere ama Nafar Etxeko zuzendaria izan zen.

 

Engainatuta Eibarrera

La Platan unibertsitate-ikasketak egin ondoren, hemen bizi zen txikitako lagun baten deiari kasu egin eta, berak dioen bezala, ikasbidaia egin zuen Eibarrera. “Hori bai, pixka bat luzatu da”, dio barrez. Etorri aurretik ez zekien ezer Eibarri buruz, bere lagunaren berba batzuk besterik ez. “Telefonoz esan zidan mendira begira bizi zela eta atzean erreka bat zuela, eta neure buruan paisaia ederra irudikatu nuen. Amañako dorreetan bizi zen!”, dio barrez. “Engainatu egin ninduen pixka bat”. Eibarren lau hilabete egin ondoren Bartzelonara joan zen sasoi baterako, “hura ezagutu nahi nuen”. Urtebete egin zuen Katalunian eta gero Argentinara itzuli zen, baina urtebete nahikoa izan zen beretzat. “Hiriburuak hortzak erakutsi zizkidan”. Bolivar atsegin du, baina ez zuen hara itzuli nahi. Beraz, berriz maleta egin eta Eibarrera etorri zen. “Beste ideia batekin itzuli nintzen Eibarrera, burua zabalik eta bizimodu berri bat hasteko itxaropenarekin”. Horrela gertatu zen eta urte asko daramatza hemen. Hori bai, Argentinako doinua galdu barik.

 

Herria barrenean

Herri nahiko txikikoa izanik eta hiri handietan bizi ondoren, Eibarren bizitzeko toki aproposa aurkitu du Julianek. “Nire haurtzaroa ederra izan zen, ez da hiri handietan bizi den jendearena bezalakoa. Herri txiki batekoa izatea barrenean daramat eta Eibarren antzeko bizimodua ikusten dut”. Beraz, eroso bizi da hemen, etxean bezala. Gainera, familia osatu du Eibarren eta bere semearentzat aukera asko ikusten ditu hemen. Argentinan, ordea, ez. Herrialdeak kanpo-zor handia du, segurtasun-arazoak daude, korrupzioa… “Argentinarrek ondo egongo garela uste dugu beti, baina gorabehera handiak ditugu etengabe. Hain herrialde aberatsa izanik, ez dakit nola dituen hain politikari eskasak. Argentinarrak etengabeko arriskuan bizi gara. Korralitoan gertatu zen bezala, egun batean bankuan dirua duzu eta hurrengo egunean, bat-batean, ez duzu ezer. Hala ere, beti egiten dugu aurrera”.

 

Gorriurdina beti

Urtarrilean, Argentinan uda denean, hara joaten saiatzen da. Gurasoak eta anaia biak ditu han, baita lagunak ere. Ez du hara bizitzera joateko asmorik, baina bere jendearen falta somatzen du. Foballzale amorratua, San Lorenzo de Almagro taldeko zalea da eta lotura horri gogor eusten dio Argentina hurbilago sentitzeko. “Gainera, bere kamiseta gorriurdina da, Eibar FT-rena bezala, eta Euskal Herriarekin lotura handia du. Euskaldunen taldea da”. Besteak beste, jatorri euskalduneko Pedro Bidegain taldearen presidente garrantzitsua izan zen (futbol zelaiak bere izena darama) eta Gerra Zibilaren ondorioz erbestera joan ziren hainbat euskaldunek jokatu zuten bertan. Tartean, Isidro Langara goleatzaile handiak eta Angel Zubietak. Taldea Lorenzo Massa jesuitak sortu zuen eta ‘beleak’ deitzen diete, “apaizen sotana beltzarengatik”. Nola ez, jesuitekin lotura duen talde argentinarra izanik, Francisco Aita Santua zale sutsua da.