Khalifa Mohhamed, bakearen bideari jarraituz

Khalifa Mohhamed, bakearen bideari jarraituz
2021/12/23 eta kitto!
Khalifa Mohammedek Eritrea hobeto ezagutzen lagunduko digu. Askorentzat oso ezezaguna da Afrika ipar-ekialdean dagoen herrialde hau eta gure protagonista han jaio zen, Adi Keyh izeneko herri batean. “Etiopiako mugatik nahiko hurbil dago, gune menditsu batean. Nahiko klima hotza du, Itsaso Gorriaren inguruan dauden lurren edo barnealdeko lur-baxuekin alderatuz”, azaldu digu.

 

Etengabeko gatazka

Afrikako beste herrialdeek bezala, Eritreak Europako herrialdeen kolonizazioa jasan du. Lehenik, portugaldarrak iritsi ziren XVI. mendean. 1869. urtean konpainia italiar batek Eritrea erosi zuen eta 13 urte geroago Italiako gobernuak herrialdearen eskubideak erosi zizkion konpainiari. 1941an armada britaniarra sartu zen eta 1952an NBEk Etiopia eta Eritrea federazio berean egotea erabaki zuen. 1961an Haile Selassie Etiopiako erregeak Eritrea Etiopiako probintzia soil bihurtu zuen eta 30 urteko gerra hasi zen herrialde bien artean, 1991ra arte. Hala ere, modu batean edo bestean gatazkak bizirik dirau gaur egunera arte, 1993an eritrearrek independentzia lortu zuten arren.

 

Arma artean egotera behartuta

Khalifa 1966an jaio zen. Hau da, Eritrea Etiopiako parte zenean, eta aipatutako prozesu guztia lehen pertsonan bizi izan zuen. “Gerra sasoian jaio nintzen eta ikasketak laga behar izan nituen Etiopiako armadak zerbitzu militarra egitera behartu ninduelako”, gogoratzen du. Entrenamendu militarra jaso zuen sei hilabetez. “Gogorra izan zen. Gainera, Etiopian amhareraz egiten dute eta nire ama hizkuntza sahoa da, eta horrek gehiago zaildu zituen harremanak”, diosku. Entrenamenduaren ondoren, zerbitzu militarra egin zuen Etiopiako Tigray eskualdean hiru urtez. Etxera itzuli zenean ikasten jarraitu eta bigarren hezkuntza amaitu zuen. “Ingelesez”, azpimarratzen du (Eritreako hizkuntza ofizialak tigrinyera eta arabiera dira). Ikasketak amaitu arren, beste gatazka militar bat gurutzatu zen bere bizitzan. “Eritrearen Askapenerako Frontea gure hirian sartu zen 1990an eta gerran parte hartzera eraman ninduten behartuta”, diosku. Entrenamendua jaso zuen, gerran egon zen, baina taldea lagatzea erabaki eta Sudanera alde egin zuen. Errefuxiatuen esparruan bizi izan zen zazpi urtez, aita gaixotu zen arte. “Esparruan tigrinyera irakaslea nintzen, baina Eritreara itzultzea erabaki nuen aitarekin egoteko”, azaldu digu. Etxera heldu zenean, 1994tik Eritreako gobernuak derrigorrezko zerbitzu militarra ezarri zuenez, berriz ere armak hartzera behartu zuten Khalifa. “Sei hilabeteko entrenamenduaren ondoren, Defentsa Ministerioan lanean jarri ninduten polizia-militar bezala”, gehitzen du.

 

Odisea Eritreatik irten ondoren

2004an Defentsa Ministerioko lana laga zuen bizkarreko gaitz baten ondorioz eta autobus-kontrolatzaile lanetan hasi zen. “Ni irten nintzen, baina eritrear askok ez dute aukera hori izan eta militar bezala jarraitzen dute behartuta”, dio suminduta. “Horregatik, eritrear gazte askok herrialdea uzten dute”, gehitzen du. Berak ere horrela egin zuen. “Autobusetako lanaz gain, gauetan okindegi batean lan egiten nuen gutxieneko soldata bat edukitzeko, baina gobernuak gauez irtetea debekatu zuen eta hori barik geratu nintzen. Bertan etorkizunik ez nuela ikusita, herrialdetik alde egitea erabaki nuen”, diosku. Ez zen batere erraza izan: “Lehenik, mugara heltzea lortu nuen, ez dena batere erraza, herri batetik bestera joateko baimenak behar dituzulako. Gero, gizakiekin trafikatzen dutenek Sudanera igarotzen lagundu zidaten eta Khartumera joan nintzen, hiriburura. Han lan batzuk egin nituen eta emaztea eta seme-alabak etorri ahal izan ziren, baina Sudanen ere gauzak ez dira batere errazak eta alde egin behar genuela pentsatu genuen. Beraz, trafikatzaileekin Egiptora joan ahal izan nintzen eta, Mediterraneo itsasora heldu nintzenean, egurrezko itsasontzian sartu eta Italiarainoko bidea egin nuen. Itsasoan hilko nintzela sentitu nuen pare bat aldiz, baina zorionez lurra hartu genuen Italian”, kontatu digu.

 

Italiatik Euskal Herrira

Italian NBEren errefuxiatuen programa batean sartu eta Espainiara eraman zuten. Madrildik Donostiara etorri zen Gurutze Gorriari esker (“bihotzez eskertzen diet egiten duten lana”, diosku) eta Irunen pisu batean bizi zen Eritreako beste errefuxiatu batzuekin. Orain dela pare bat urte familia hona bizitzera etorri ahal izan zen eta, harrezkero, Eibarren bizi dira. “Hemengo bizimodura ohitzen ari gara, seme-alabek ikasten dihardute, baita nik ere... Pozik gaude hemen”, diosku irribartsu.