Marilian Batista, Kuba eta Eibar bihotzean

Marilian Batista, Kuba eta Eibar bihotzean
2023/01/20 eta kitto!
Marilian Batista Las Tunasen jaio zen, Kuba ekialdean. “Hiri ederra da eta jendea oso sanoa, Eibarren bezala”. Hiri koloniala izanik, espainiarrek sortutako eraikuntza ugari daude eta ‘Eskulturaren hiriburua’ deitzen diote. 160.000 biztanle inguru ditu eta azukre-industria da nagusi. Klima tropikala izanik, urteko batezbesteko tenperatura 25 gradukoa da, eta hor bai igarri du aldea Eibarrekin alderatuz. “Baina bestela, ez dut Eibar utzi eta Kubara itzultzeko asmorik”.

 

Ortozik, horrela nahi zutelako

Las Tunasen haztea gauza zoragarria izan zen dela dio Marilianek. “Kalean orduak eta orduak pasatzen genituen jolasten. Ortozik ibiltzen ginen, horrela nahi genuelako”. Inguruan bizi ziren umeekin eta eskolako lagunekin jolasten zuen ezkutaketan, beisbolean edo tortolosekin. “Guk yakia deitzen diogu tortolosen jolasari”. Baina dena ez zen jolasa, eskolara ere joan behar zirelako. “Kuban hezkuntza zoragarria da eta ume guztiak eskolara joatera behartuta daude. Gizarte-langileak etxerik etxe ibiltzen dira bakoitzaren beharrizanak aztertzen, ume guztiak eskolara joan daitezen. Gainera, hezkuntza doakoa da”.

 

Gastronomia gustoko

Eskola utzi zuenean, gizon bat ezagutu eta seme-alabak izan zituen. “Hortik aurrera eurak izan ziren nire lehentasuna, baina ikasketekin jarraitu nuen gauean ematen ziren klaseetan”. Ostalaritza ikasketak egin zituen, “han gastronomia deitzen dioguna”. Egunkariak eta liburuak saltzen zituen toki batean egin zuen lan lehenik, eta jatetxeetan ondoren. Ostalaritzan egin zuen lan hona etorri arte eta taberna batean egiten du lan hemen baita ere. “Jendearekin elkar eragiteko aukera ematen dit eta asko gustatzen zait. Gainera, euskerazko berba batzuk ikasteko balio izan dit”. Bestetik, sukaldaritza gustoko izanik, hemengo jakiak prestatzen ikasi du eta ez du faltan botatzen Kubako janaria. “Hemengo gauza batzuk ez ditut jaten, baina orokorrean asko gustatzen zait hemengo gastronomia. Barazkiak jatea gustatzen zait batez ere”.

 

Seme-alabak Kuban

Seme-alabak eta zazpi urteko iloba Kuban utzi eta abentura berria hasi zuen Europan orain dela urte bi inguru. “Beti eduki dut beste toki batzuk ezagutzeko gogoa eta Europaren inguruan kontatzen zutena benetakoa zen baieztatu nahi nuen”. Gogoa handia zen, baina baita beldurra ere. “Aurretik inoiz ez nintzen Kubatik irten eta oso gogorra zen nire seme-alabengandik banatzea, baina eurek animatu ninduten gehien”. Eibarren hainbat familiar zituen zain eta horrek bidea erraztu zion. “Ez balira hemen egongo, ez nintzateke etorriko”. Hasiera oso gogorra izan zela aitortzen du, “Kubarekin alderatuz Euskal Herria guztiz ezberdina delako”, baina hasierako beldurra uxatu eta bere benetako izaerarekin aurrera egin ahal zuela pentsatu zuen. “Hemengo jendea ni bezalakoa delako, ez gehiago ez gutxiago”. Esan eta egin, gaur egun ezin pozago bizi da Eibarren.

 

Adiskidetasuna guztiaren gainetik

Kubatarrak oso lagunkoiak eta oso maitekorrak gara”, dio Marilianek, “ez da itxurazko ezer, benetan gara horrelakoak”. Kubatarrek lagun artean denbora ugari pasatzen dute, baita Gabonetako ospakizunetan ere. “Gabonetan txerri bat erretzen dugu eta bizilagunak etxera etortzen dira. Era berean, zu euren etxera joaten zara”. Gainera, kubatarren solidaritatearen erakusgarri, txerri bat erretzeko aukera ez duenak besteek baino gehiago jaten du, “bizilagun guztion gonbidapena jasotzen dutelako”. Marilianek ez zuen pentsatzen Eibarren antzeko adiskidetasunik aurkituko zuenik, baina oker zegoen. “Euskaldunak pixka bat itxiak dira hasieran, baina gero bihotza irekitzen dizute”.

 

 

El que tiene amigos, tiene un central

Lagunak dituenak, altxor bat du