Nathali Chuchon, Peruko ahots eztitsua

Nathali Chuchon, Peruko ahots eztitsua
2023/02/24 eta kitto!
Nathali Chuchon Peruko hiriburuan jaio zen, Liman, Ate Vitarte distrituko San Gregorio auzoko Huascar kalean hain zuzen ere. “Oso atsegina da eta musika kreoleak garrantzia handia du han”, esan digu Nathalik. Musika da bere pasio handienetako bat, kirola moduan, foballa batez ere. Universitario de Deportes taldearen zalea da, baina Eibar FTk toki garrantzitsua du orain bere bihotzean. “Eibar Lehen Mailara igo zen eguna ahaztezina da, jokalariekin zelaian ospatu genuen”.

 

Bihurria, baina arduratsua

Lau alabetatik gazteena da Nathali, eta baita bihurriena ere. “Ahizpa nagusienak ondo jokatzen zuen boleibolean, bigarrena abeslari profesionala da eta hirugarrenak musika kreolea lantzen du”. Nathalik denetatik egin du (boleibolean, foballean, abestu, musika bandan...) eta, arduratsua izateaz gain, lider izaera izan du beti. “Aratosteetan, San Gregorion, mutilek neskak inguratu eta margotu, ura bota eta hainbat gauza egiten ziguten. Orduan, behin bihotz hartu eta mutilak erasotzeko plana egin genuen Huascar kaleko neskek. Kalea asfaltatu gabe zegoen eta lokaztu egin genuen ura botaz. Orduan, mutil bat pasatzen zenean berarengana korrika joan eta lokatzetara botatzen genuen, beste gauza batzuen artean”. Egun hartako garaikurrak etxean gorde zituen Nathalik (mutilen lepokoak, txapelak eta abar). “Ordutik aurrera ez ziguten gehiago adarrik jo eta bizilagun guztiek gogoratzen dute aratoste hura”.

 

Bere jatorriaz harro

Hiriburuan jaio arren, Ayacucho izeneko gune menditsuan dute Nathaliren gurasoek. Hiriburuko hainbat biztanlek gutxietsi egiten dituzte Andeetako mendilerro inguruan bizi direnak, baina Nathali bere jatorriaz oso harro dago. “Asko gustatzen zait hango ingurumena eta kultura”. Ayacucho inguruan bizi zen gatazka armatuaren ondorioz, Nathaliren gurasoak Limara joan ziren eta atzean utzi zuten euren jatorrizko hizkuntza. “Hizkuntza ugari daude mendilerroan (kitxua dialekto ezberdinak, aimara...), baina nik berba batzuk bakarrik ikasi nituen aitxitxa eta amamarekin”. Ama hizkuntza gaztelera izanik, ez du arazorik eduki hemengo jendearekin harremanak izateko, baina euskeraz egitea gehiago kostatzen zaio. “Berba batzuk ikasi ditut eta alabak euskeraz egiten duenez, berarekin gehiago ikasten dut”.

 

Musika odolean

Gurasoengandik jaso zuen musikarekiko maitasuna, “odolean daramagu”, eta 7 urterekin lehiaketetan parte hartzen hasi zen. “10 urterekin estatu mailako lehiaketa irabazi nuen Nekazarien Egunean, ‘Buscare un mundo nuevo’ mulizarekin”. Peruko genero musikal bat da muliza. “Herriari, bizitzari... abesten dioten poesia antzekoak dira”. Nathalirentzat edozein toki da ona abesteko, baita lantokian ere. “Joskintzan egin nuen lan eta lanean irratia entzutea debekatzen zigutenez, abestu egiten nuen. Nirekin lan egin nahi zuten langile guztiek”. Eibarren ere izan dugu bere ahots ederraz gozatzeko aukera hainbat emanalditan, eta hemengo doinuak ikasteaz gain, bere jaioterritik ekarritakoa erakutsi nahi izan du. “Peruk asko dauka munduari erakusteko”.

 

Peruko zaporeak Eibarren

Musikak batu zituen Nathali eta Carlos Sanchez-Barba Eibarko Musika Bandaren zuzendaria, bere senarra. Eibarren familia osatu dute biek eta musika giroan hazten doa euren alaba, Cruz. ”Jaio eta sei egunetara bandaren kontzertu batera eraman genuen”. Amak Peruko kontuak kontatzen dizkio (eta kitxuazko berba batzuk ere), “abesten eta saltoka joaten gara eskolara”, baina musikaz gain, hango jakiak ez dira falta etxean. “Chaufa arroza, cevichea, solomo saltatua, kausa betea, oilo ajia, anticuchoa...”. Peruko sukaldaritzak mundu mailako ospea hartu du azken urteotan eta Nathaliren etxean Andeetako herrialde horretako zaporeaz gozatzeko aukera dago.

 

 

Guerra avisada no mata gente

Amak esan ohi zigun esaldia da. Berari jaramonik egiten ez bagenion, errieta egingo zigula jakiteko