Richard McElroy, azentu askoko gizona

Richard McElroy, azentu askoko gizona
2023/11/13 eta kitto!
Richard McElroy Magherafelten jaio zen, Ipar Irlandan, baina hainbat etxe-aldaketa izan ditu bizitza zehar. “Eskozian hazi nahi batez ere. Aitak esnearen industrian egiten zuen lan eta bere lanaren ondorioz toki batetik bestera ibili ginen”. Richardentzat zaila izan zen, etxe-aldaketa bakoitzean lagun asko uzten zituelako atzean, baina pertsona independentea izaten ikasi zuen txikitatik. “Azentua aldatzeko gaitasuna hartu nuen baita ere”, dio barrez. Txikitako joerari jarraituz, helduaroan ere espiritu nomadarekin jarraitu du eta Herbehereetan, Alemanian eta Espainian bizi izan da Euskal Herrira etorri baino lehen.

 

Fisikatik...

Glasgoweko Strathclyde unibertsitatean fisika ikasketak egin zituen. Fisika teorikoan jardun zuen lehenengo eta, gero, fisika esperimentalera egin zuen jauzi. Eta arrakasta handiz gainera. “Applied Physics Letters izeneko aldizkarian nire esperimentu bat argitaratzea lortu nuen”. Hainbat konferentziatan aurkeztu zituen ikerketaren emaitzak, baina Richardek zientziarekiko ilusioa galdu zuen orduan. “Komunitate zientifikoaren inguruan nuen kontzeptua (guztion artean lan egitea gizadiaren alde) ez zetorren bat errealitatearekin”. Ikerketari mila oztopo jarri zizkoten eta kolaborazio gutxi aurkitu zuen. Tartean, ia beti bezala, dirua. “Inflexio puntu bat izan zen nire bizitzan”.

 

... informatikara

Richardek beti izan du gustoko programazioa. “Ipar Irlandan bizi nintzenean, eskolan, klasea hasi baino bi ordu lehenago joaten nintzen eta ikasleei eman ziguten BBC Micro ordenagailua programatzen nuen”. Fisikako esperimentuan ere programaziorako dohainak baliatu zituen. “Esperimentua luze joan zenez eta laborategian genuen hidrogeno likidoarekin hotz asko pasatzen genuenez, webgune bat sortu nuen kamera baten bitartez laborategian gertatzen zena ikusteko gure bulegotik, laborategian hotzez hiltzen egon barik”. Horrela, informatika fisikari gailendu zitzaion eta ordenagailuen bidetik jarraitu zuen bizitza.

 

Lanez lepo

Informatikaren munduan murgiltzeko graduondo bat egin zuen Paisley unibertsitatean eta gaur egun bere emaztea dena ezagutu zuen sasoi hartan. “Bera Bergarakoa da eta ingelesa ikasten zegoen han. Euskal Herrira itzuli zenean hemengo lan-eskaintzak bidali zizkidan eta hiru lan-elkarrizketa egin ondoren hiru lan-eskaintza jaso nituen”. Madrilen hasi zen beharrean eta ordutik, “1999eko maiatzetik”, Iberiar penintsulan bizi da. Madrilen eta Euskal Herrian hainbat enpresatan lanean ibili ondoren, bere enpresa propioa sortzea erabaki zuen orain dela urte batzuk, ‘Jarmit consulting’. Oso pozik dago hartutako erabakiarekin. “Zorionez, lanez lepo ibili naiz hasieratik”.

 

Atentatuetatik ihes

Bost urte Madrilen bizi ondoren, ezkondu eta Euskal Herria etorri ziren bizitzera familia osatzeko asmoz. Aurretik sarritan etorri zen bisitan Euskal Herrira eta hainbat alditan hartu zuten Talgoa Madrilgo Atotxako geltokian. “Martxoaren 11ko atentatuak gertatu zirenean trena hartu behar genuen, baina berandu esnatu ginen eta Gran Vian taxi bat hartzera joan ginenean ez zegoen inor kalean. Ez genekien zer gertatzen zen, taxian konturatu ginen”. Hala ere, ez da atentatu batetik hurbil egon den aldi bakarra. “Callao kalean bizi ginenean Fnac eta Corte Ingles artean auto batek eztanda egin zuen, inoiz ahaztu ez dudan iratzargailua. Eta txikitan, Ipar Irlandan, bonba-auto baten alboan egon nintzen, baina soldadu batek hartu eta handik atera ninduen bonbak lehertu baino lehen”.

 

 

 

Only dead fish go with the flow

Besteen iritziek ez dezatela zuk egiten duzuna mugatu, ez izan ezberdina izateko

beldurrik.