[eibartHARTUak] Telenobela errumaniarra

[eibartHARTUak] Telenobela errumaniarra
2023/11/22 10:54
eta kitto!
Ana Faluica Șuncuiușen jaio zen, Errumania mendebaldean, Hungariako mugatik hurbil. “Herri txikia da, lasaia, eta jatorri ezberdinetako jendea bizi da han: errumaniarrak, hungariarrak, ijitoak... nahasketa handia dago”. 12 urte zituenean amamaren anaiarekin bizi zen ahizparen etxera joan zen bizitzera eta eurekin hazi zen. “Oso harreman estua dugu ahizpak eta biok”, baina zazpi anai-arreba dira guztira. Anak antzekotasunak ikusten ditu bere jaioterriaren eta Eibarren artean, “menditsuak dira toki biak”, baina zaila egiten zaio euriari aurre egitea. “Tenperatura aldetik antzeko klima dugu, baina han lehorragoa da”.

 

Txikitatik lanean

Eskolara txintxo joaten bazen ere, gaztetatik egin du lan. “Oporraldian egiten nuen lan, dirua eduki nahi nuelako gurasoei eskatzen ibili barik”. Onddoak batzen zituen enpresa italiar batean onddoak garbitzen egin zuen lan lehenik eta elikagaien industriako enpresa batean hasi zen gero. “Patata frijituak, napolitanak, gozoak... egiten genituen”. 20 urterekin ezkondu zen eta 28rekin banandu, “eta alokairuan bizi nintzenez, nahiko justuan ibili nintzen”. Gauzak horrela, bere semebitxiak ate bat zabaldu zion.

Familia aurkitu zuen Mallabian

Anaren semebitxiaren arreba bat Euskal Herrian bizi zen eta hona etortzeko aukera eskaini zion. “Nire semebitxiaren arreba ia ez nuen ezagutzen, ulertzen ez nituen hizkuntzak egiten ziren herrialde ezezagun batera nindoan... baina gehiegi pentsatu barik etorri nintzen, ez nuelako galtzeko ezer”. Autobusean etorri zen Errumaniatik, “hiru eguneko bidaian”, eta bizimodu berria hasi zuen hemen. Bigarren egunean Mallabiko Mañe hotelean hasi zen beharrean eta esker ona izango die bizitza osoan. “Ez zuten jendea hartzeko beharrik eta, hala ere, tokia egin zidaten”. Familia aurkitu zuen han.

Hizkuntzak ikasteko erraztasuna

Errumanian telenobelak ikusteko ohitura zuenez, gaztelera ez zitzaion hain arrotza egin. “Ia dena ulertzen nuen, baina ez nintzen berba egiteko gai. Pazientzia izan zuten nirekin eta asko eskertzen da”. Mañen egiten diren produktuak hainbat azokatan saltzen zituztenez, jendearekin harreman zuzena izan zuen hasieratik. “Jendeak oso ondo hartu izan nau beti”, eta euskera ikasteko ere balio izan dio. “Gaztelera edo euskera ikasteko aukera eduki nuen eta aukera errazena hartu nuen, gaztelera, baina euskera ikasi behar dut, euskera jakiteak aukera gehiago eskaintzen dizkizulako”. Gainera, errumaniarrek hizkuntzak nahiko erraz ikasten dituztela aipatzen du. “Baina badaude alperrak ere, ez pentsa”, dio barrezka.

Errumaniako jakiak

Euskal Herrira etorri eta denbora gutxira mutil bat ezagutu zuen, eta pozik bizi da berarekin gaur egun. “Kolonbiarra da, baina bere jaioterrian baino urte gehiago pasatu ditu Euskal Herrian. Pertsona zoragarria da”. Euskal Herrian bizi den bikote kolonbiar-errumaniarra izanik, ohitura ezberdinak batu dituzte etxean. Hala ere, jateko orduan, Anak Errumaniako jakiak prestatzen ditu. Bere herrialdearekin lotuta mantentzeko modu bat da, ez baita sarritan bueltatu eta bere etorkizuna hemen ikusten baitu. “Nire ahizparengana joan naiz, baina arrotza sentitzen naiz Errumanian. Gainera, herrialdearen egoera okerrera doala iruditzen zait”.

 

Câinele moare de drum lung, iar prostul, de grija altuia

Txakurra asko ibiltzeagatik hil daiteke, baina tontoa besteen gauzengatik arduratzeagatik hiltzen da