1.500 errenta aitorpen baino gehiago euskaraz egiteko erronka

1.500 errenta aitorpen baino gehiago euskaraz egiteko erronka
2022/04/29 eta kitto!
Errenta Aitorpena egiteko sasoi betean gaude eta aurten ere euskaraz egiteko kanpaina abiatu du Eibarren Akebai plataformak. 2017az geroztik gero eta eibartar gehiagok egin dute aitorpena euskaraz egiteko hautua eta aurten 1.500eko langa gainditu nahi da (iaz 1.494 lagunek egin zuten euskaraz, egin zirenen %11).

 

Herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu Eibarren Akebaik, besteak beste, eta, horretarako, egunerokoan ohikoak diren ekintzetan euskararen erabilera bultzatu nahi du. Errenta Aitorpenaren kasuan, urtean behin egiten da, baina erakunde publikoekin dugun harremanaren erakusle da eta erakundeekin euskaraz egitea bultzatu nahi da ‘Ogasunarekin euskaraz’ bezalako kanpainekin.

Baina herritarrek zer diote? Kanpainarekin bat egiten dute? Nolakoak dira euren hizkuntza ohiturak? Errenta Aitorpena euskaraz egiten dute? Hori jakiteko lau eibartar elkarrizketatu ditugu.

Malen Illarramendi autonomoa izan da bi urtetan zehar eta, orduan, aholkularitza-zerbitzuen bitartez kudeatzen zuen Errenta Aitorpena. “Gainera, aldi berean hainbat enpresatarako lanak egiten nituen eta nahiko zaila egiten zitzaidan tramiteak nire kabuz antolatzea”, diosku. Aurten, ostera, ez da autonomoa eta lehen aldiz bere kabuz egin du Aitorpena. Autolikidazio proposamena jaso zuen, baina datu asko falta zirela konturatu ondoren, gertuko aditu baten laguntza jaso behar izan du “aitorpena behar bezala aurkezteko”.

Malenek ez du Ogasunaren bulegora joan behar izan eta, ondorioz, ez du langileekin aurrez aurreko traturik izan, baina Internet bitartez egindako tramite guztiak euskaraz egin dituela diosku. “Denok daukagu eskubidea tramite horiek nahi dugun hizkuntzan egin ahal izateko, bai online bidez denean eta baita aurrez aurrekoa denean ere”, azpimarratzen du.

Bere ustez aurten euskarazko Errenta Aitorpenen 1.500eko langa gaindituko dugu Eibarren, baina, publizitate kanpaina ona egin arren, uste du zerbait gehiago behar dela hizkuntza ohiturak aldatzeko. “Egunerokoan euskaraz hitz egiten ez duenak eta ez duenak euskara bere sentitzen nekez egingo du aitorpena euskaraz. Uste dut hizkuntza aldaketa horrek Errenta Aitorpena baino haratago doan ohitura aldaketa bat dakarrela lehendabizi”, bere iritziz.

malen illarramendi

 

Erronkak gainditzen ohituta

Odei Jainagak erronka ugari gainditu ditu bere kirol-ibilbidean eta, esperientziatik berba eginda, Malenek bezala berak uste du aurten gaindituko dugula 1.500eko langa. “Ziur gaindituko dugula! Herriari erronka botaz gero, ziur nago gaindituko dugula”, bere ustez.

Orain arte gurasoekin batera egin izan du Errenta Aitorpena, baina aurten berea egitea tokatzen zaio. “Kontu hau nahiko arrotza da niretzat, baina txanda hartu eta Ogasunaren bulegora joan beharko naiz”, aitortzen digu.

Horrelako tramite ofizialak gazteleraz egiteko ohitura du Odeik. “Ez dakit ohituragatik edo zergatik den, eskaintzen dizkizuten orriak gazteleraz daudelako edo langileak orokorrean gazteleraz zuzentzen zaizkizulako, baina horrela da”, diosku. “Gainera, gerta daiteke  erabiltzen diren berba tekniko batzuk inoiz ez ditugula entzun euskaraz”, gehitzen du.

Aurten, ostera, ez du gazteleraz egingo. Orain arte ez zuen ezagutzen Ogasunarekin Euskaraz kanpaina, baina bat egingo du eta aitorpena euskaraz egingo duela aitortu digu. “1.500eko langa gainditzeko falta diren aitorpenetako bat nirea izango da”, diosku umoretsu.

odei jainaga

 

Euskaraz egiteko aukera indartu

Aitziber Uriak euskaraz egin du Errenta Aitorpena azken urteotan. “Orain dela bi edo hiru urte autolikidazio proposamena iritsi zitzaidan eta onartu egin nuen. Dena dela, bertara joan behar izan naizenean beti egin dut euskaraz langileekin”, esan digunez. “Azkenean, administrazioari elebitasuna eskatu diogu beti, euskaraz egin ahal izatea, eta aprobetxatu beharra dugula uste dut. Ez bakarrik lortutakoari eusteko, baita gehiago indartzeko ere”, gehitzen du.

Aitziberrek aitortzen du zailtasun batzuk aurkitzen dituela Errenta Aitorpena euskaraz egiteko orduan. “Izan ere, nahiko berba teknikoak erabiltzen dira; baina, behin jakinda zein kontzeptu diren, beti errepikatzen dira eta ez dago zalantza handirik. Gainera, batzuetan gazteleraz korapilatsuagoa izaten da kontzeptuen esanahia jakitea”, diosku.

aitziber uria

 

Gazteek euskaraz

Ander Urkiak gurasoekin batera egin du Errenta Aitorpena ia beti, baina orain dela bi urte autolikidazio proposamena iritsi zitzaion eta iaz bulegora joan behar izan zen aitorpen mekanizatua egitera. “Izan ere, baserria erosi nuen eta dokumentu gehiago eraman behar nituen”, azaldu digunez.

Iazko kasuan Ogasuneko langile batek egin zizkion tramiteak eta, esan digunez, tratua gazteleraz eskaini zion. “Nik euskaraz egiten nion eta berak gazteleraz. Eta gero, horrelakoetan, gaztelerara jotzen duzu ia beti”, zehaztu digu. “Egia esan, terminologia hori ez dut ez gazteleraz ez euskaraz ulertzen”, dio barrez.

Anderrek uste du gero eta gehiago egingo dela Errenta Aitorpena euskaraz. “Gazteok euskaraz egin ditugu ikasketak (nahiz eta herrian gazteleraz asko egiten den) eta horrelakoak euskaraz egitera ohituagoak gaude”, bere ustez. “Ni neu, horrelakoetan (eta orokorrean) hobeto moldatzen naiz euskaraz gazteleraz baino”, gehitzen du.

ander urkia