AGME-k sistema berria ezarri du bere errematxatu-makinetan

AGME-k sistema berria ezarri du bere errematxatu-makinetan
2012/03/05 eta kitto!

Apalategi auzoan dagoen AGME enpresa eibartarrak abiarazteko zein gelditzeko sistema automatikoa ezarri die bertan egiten dituzten errematxatu-makina berrienei. Azken belaunaldiko makinek darabilten sistema berriak hainbat abantaila dauzkala azaldu dute enpresako arduradunek. Besteak beste energia aurrezten da, makinak ateratzen duen zarata eta buruen tenperatura murriztu eta, horrekin batera, buruaren iraupena areagotzea lortzen da: "C300 armairu elektrikoak seriean daraman sistemari esker, errematxatu-makinen buruaren motorra burua jaistearekin batera abiarazi eta biraka hasten da eta igotzen hastean, berriz, geratu egiten da. Beraz, erabiltzen ez den bitartean motorra geratuta egongo da. Errematxatu-makina hidraulikoen kasuan, bestalde, talde-hidraulikoaren motorra lehenengo zikloa egitean abiarazten da eta ziklo berriari ekin baino lehen, minutu batzuk igarota, geratu egiten da".