Alfako beharginek elkarretaratzea egingo dute gaur 13.30etan

Alfako beharginek elkarretaratzea egingo dute gaur 13.30etan
2012/10/24 eta kitto!

Alfa Eibar-ko enpresa komiteak, gaur goizean erredakziora igorritako idatziarekin, une honetan bizitzen diharduten egoeraren berri eman nahi du eta, horrekin batera, egoerari aurre egiteko beharginek asanbladan adostutako erabakiak azaldu: "Jakingo duzuenez, Alfa taldeko zuzendaritzak merkataritza epaitegian Hartzekodunen Lehiaketarako eskaera aurkeztu du, hori guztia enpresa komiteari inolako agiririk entregatu barik. Gezur, promesa faltsu eta negoziazioz betetako urtea eman eta gero, Alfa Taldeko beharginak enpresen itxierarantz eta lanpostuen suntsiketarantz garamatzate. Egoera horren aurrean, astelehenean (hilaren 22an) Eibarren egoitza duten enpresa guztietako beharginek asanblada egin genuen. Ordu biko eztabaidaren ondoren, epe motzean lortu beharreko helburuak eta eman beharreko lehenengo pausoak zeintzuk izango diren adostu ditugu".
Helburuak:
1.- Enpresak merkataritza-epaitegian emandako informazioa eta dagoenaz jabetu ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa eskuratu.
2.- Alde sozialetik eskatutako administratzaile konkurtsala lortu.
Eman beharreko pausoak:
- Martitzenean (atzo, hilaren 23an) eta eguaztenean (gaur, hilaren 24an) 13.30etatik 14.30etara Eibako Alfaren instalazioetan elkarretaratzea egitea.
- Eguenean (bihar, hilaren 25ean) Eibarko kaleetan manifestazioa egitea, 12.00etan Untzaga plazatik abiatuta.