Alfako beharginek hirugarren greba eguna bete dute

Alfako beharginek hirugarren greba eguna bete dute
2013/01/11 00:00
eta kitto!

Alfa Taldeko beharginek hiru eguneko grebari ekin zioten astelehenean (hilaren 7), enpresa zuzendaritzak planteatzen dituen kaleratzeen kontra protesta egiteko: Eibarko Alfa Hogar enpresan, Alfalanen eta Mecanicas Mallabia lantokian 87 lanpostu kendu nahi dituzte lan-erregulazioko txostenarekin. Astelehenean manifestazioa egin zuten Eibarren, eguaztenean (bigarren greba egunean) Bilbora joan ziren administratzaileen bulego parean eta Kutxabanken bulegoan protesta egitera eta gaur (barixakua, hilak 11) berriz ere manifestazioa egin dute Eibarren, eguerdian Untzagatik abiatuta. Ibilbidearen erdian, baina, beharginetako batzuk Urkizuko Kutxaren bulegoan sartu eta katez bertan lotu dira, Ertzaintza ailegatu eta bana banan atera bitartean. Behin bulegotik atera dituztenean, manifestazioak Arraguetan gora ibilbideari jarraitu dio, Untzagaraino.