Alfako enpresa batzordeak manifestazioa deitu du zapaturako

Alfako enpresa batzordeak manifestazioa deitu du zapaturako
2012/02/08 00:00
eta kitto!

Eibarren Alfak dituen lantegietako enpresa batzordeak gaur eguerdian Arrate Kultur Elkartean eskaini duen prentsaurrekoan zapaturako manifestazioa deitu duela eman du aditzera. Hilaren 11n 12.00etan Untzagatik abiatuko den manifestaziorako leloa "Xantaiarik ez! Despidorik ez! Negoziazioa orain!" izango da eta 16 delegatuk (LABeko 10k, ELAko bik eta independiente bik) osatutako batzordeko ordezkariek azaldutakoaren arabera, "Alfa enpresako zuzendaritzak kaleratzeak gauzatu nahi ditu Eibarren dituen lantokietan. Beharginei soldata %10 jaisteko proposamena luzatu digu, baina beharginek ez genuen proposamena onartu eta lantokien etorkizuna bermatuko duen industria plana aurkeztu zezala eskatu genion zuzendaritzari. Enpresako zuzendaritzak, bere proposamena onartu ezean kaleratzeak planteatuko zituela adierazi zigun eta gaur bertan izan dugun bileran asmo horri eusten jarraitzen dutela azaldu digute. Negoziatzeko asmorik ez dutela ikusita, zapaturako manifestazioa deitzeko erabakia hartu dugu eta jende guztiari manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diogu". Beharginek diotenez, "Eibarko lantegietan duten lan-karga haundia da eta 2011n enpresak izandako fakturazioak marka guztiak hautsi zituen", baina dirurik ez dutela aitzakia modura erabilita "soldaten %10eko jaitsierarekin enpresak aurreratuko lukenaren parekoa 30-40 bat behargin kaleratuta" aurreztu nahi duela uste dute batzordeko kideek. Gaur egun Alfako Eibarko lantokietan, behin-behineko kontratuarekin dauden 6 bat lagun kenduta, gainontzeko 330 beharginak mugagabeko kontratuarekin daudela argitu dute eta, enpresak esandakoaren arabera, "kaleratzeak gauzatzeko orduan ez dute kontuan izango ez aintzinakotasunik ez bestelako berezitasunik ere".