Azoka ekologikoa eta gutizia ekologikoen ibilbidea antolatu dituzte zapatu goizerako

Azoka ekologikoa eta gutizia ekologikoen ibilbidea antolatu dituzte zapatu goizerako
2021/09/30 eta kitto!
Zapatu goizean Eibarko X. Azoka Ekologikoa egingo da Untzagan, 10:00etatik 14:00etara, Biolur Elkarteak, Eibarko Udalak eta Landaolak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Antolatzaileen berbetan, “azoka honetan, ekologikoan aritzen diren 20 bat ekoizle hurbilduko zaizkigu, askotariko produktuak zuzenean eskaintzeko: pasta, ogia, gozoak, gazta, arropa, barazkiak, baratxuriak, kontserbak, fruta… Dena era ekologikoan egina eta ekoizleen eskutik jasoa”.

Izan ere, produktu guztiak modu ekologikoan ekoitziak izateari aparteko garrantzia eman nahi diote: “Horrek esan nahi du natura, animalia eta gizakien eta osasuna eta etorkizunarekiko errespetuz eta inolako kalterik eragin gabe ekoizten direla. Ekoizpen ekologikoak, gainera, hainbat abantaila ditu gure osasuna ez ezik ingurumena eta zaintzen duelako eta, hartara, hurrengo belaunaldiei ere bermatu egiten zaie lurraren emankortasuna”.

Parte hartuko dutenak hauek dira: Pasta Martinelli (Pasta), Leire Albisu (Ogia, gozoak), Nelly Cozares (Barazkiak), Jon Gatz Museoa (Gatza), Sosola (Ardi-gazta eta ogia), Aikur (Eztia), Aitor Bastarrika (Jantzi ekologikoak), Pikunieta (Ardi-gazta), Bego Villar (Marmeladak, kontserbak), Doniene berri (Barazkiak), Pello (Barazkiak), Amaia Laskurain (Gazta), Haristizabal  (Ogia, fruta), Ecoprado (Baratxuriak, lekaleak), Aleka (Haziak), Beñat Telleria (Gazta), Conservas Garavilla (Arrain kontserbak), Biolur (informazioa) eta Aza ta porrua (kontsumo elkarteari buruzko informazioa).



Gutizia ekologikoen ibilbidea

Azokarekin batera, aurten bigarren aldiz antolatu dute Gutizia Ekologikoen Ibilbidea Eibarko tabernetan: “Ekimen honekin, ostalaritzarekin zubiak eraiki eta baserritarren produktuak ikusaraziz haiek balioan jarri nahi ditugu”, azaldu dute antolatzaileek. Horretarako, herriko hamar tabernarik eskualdeko ekoizle ekologikoen produktuekin eta sagardoarekin osatutako gutizia bat prestatuko dute, bi eurotan saltzeko. Gutizia ekologikoen ibilbidea honako taberna hauetan osatu ahal izango da: Baratze Gourmet, Kontent, Slow, Birjiñape Berria, Koskor, Trinkete, Chic, Kultu, Batzoki eta Kili Kili.