Azpikontratatutako garbitzaileak ia lau aste greban

Azpikontratatutako garbitzaileak ia lau aste greban
2023/03/23 eta kitto!

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek ia lau aste daramatzate greban eta gutxienez, apirilaren 16ra arte segitzeko asmoa dute, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Azpikontratatutako langileek osasungintzako langile propioen lan-baldintza berberak izatea aldarrikatzen dute. ELAko Mendaroko ordezkari sindikalak esandakoaren arabera, “guztiz blokeatuta” dago gatazka.


Otsailaren 27tik dihardute greba egiten Osakidetzako azpikontratatutako garbitzaileek. Eskatzen dutena da gainontzeko sektoreetako langileei modura, Osakidetzako langile azpikontratatuei ere ordaintzea karrera profesionala.

Bestela esanda, Osakidetzak zuzenean kontratatutako langileek 2019an, 2020an eta 2021ean lanbide-karrera izateagatik diru saria kobratu zuten. Gauza bera nahi dutelako hasi ziren mobilizatzen azpikontratatutako garbitzaileak.

Greba hasi zutenetik, hainbat bider luzatu dute protestaldia, sindikatuek salatutakoaren arabera, Osakidetzaren aldetik ez dagoelako inolako proposamenik egoera konpontzeko eta negoziazio mahaia desblokeatzeko. Oraingoz, apirilaren 3ra arte luzatuko dute protestaldia.

 

Jarraipen handia

ELA sindikatuak emandako datuen arabera, Mendaroko ospitalean, garbitzaileen %90 ari da greba egiten. Anbulatorioetan, berriz, Soraluzekoan, Eibarkoan eta Mutrikukoan grebaren jarraipena %100ekoa da eta Mendaroko, Elgoibarko, Debako eta Ermuko anbulatorioetan, berriz, egun solteetan ari dira greba egiten. Hori bai, gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira garbitzaileak.

Eibarko ospitaleak, berriz, langile propioak ditu eta haiek ez daude greban.

ELA sindikatuak Mendaroko ospitalean duen ordezkari Virginia Urrozolak dioenez, langileek badute “arazoa konpontzeko gogoa. Osakidetzaren eta enpresek ere euren aldetik jar dezaketela uste dugu. Kaltetuak gu gara, lan bera, soldata bera, hori eskatzen dugu, besterik ez. Bertakoei atzerapenak ordaindu badizkiete, zergatik guri ez?”.