‘Basque Precision Technology District’ marka aurkeztu du Debegesak

‘Basque Precision Technology District’ marka aurkeztu du Debegesak
2018/11/20 12:04 eta kitto!
Debabarreneko industria-sektorea sustatzea eta nazioarteko merkatuan eskualdearen gaitasun lehiakorraren posizionamendua laguntzea helburu duen ‘Basque Precision Technology Distric’ (BPTD) marka aurkeztu du gaur goizean Debegesak ‘We make!’ goiburuarekin. Eskualdeko eragile publikoen eta pribatuen apustua da, SPRIren babesarekin, eta Debabarreneko ekintzailetza-tradizioan eta ekosistema sozioekonomikoan oinarritzen da.

Bilbotik eta Donostiatik urrutien dagoen eskualdea izanik, “Debabarreko industriaren garrantzia azpimarratu nahi da marka honekin”, Juan Angel Balbas Debegesako zuzendari nagusiak azaldu duenez. BPTDk ez dauka aurrekonturik ezta markaren hedapena gauzatuko duen langile espezifikorik, eta marka honen barruan bilduko diren enpresen esku geratuko da markaren enbaxadore lana egitea. “Gaur egun 25 enpresa inguruk hartu dute BPTD marka, baina gure helburua 100 enpresa inguru edukitzea da”, aipatu du Balbasek.

Enpresa eta erakundeek proiektua elkarrekin gauzatu izana aldarrikatu du Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusiak. “Bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu, baina estrategia amankomuna da”. Marka hau atzerriko inbertsioa erakartzeko modua izan daitekeela esan du, eta oso beharrezkoa dela industria espezializatzea. “Hemen, adibidez, automozioan eta robotikan espezializatua dago industria, eta horrek balio erantsia ematen dio”. Garikoitz Agote Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak ere gauza bera azpimarratu du. “Zehaztasun teknologikoko industria dago Debabarrenan eta garrantzitsua da marka bitartez adierazi eta mundura zabaltzea”.