Berriztu egin dute `www.erosieibarren.eus´, Eibarko merkataritzaren erreferentziazko atari digitala izateko asmoz

Berriztu egin dute `www.erosieibarren.eus´, Eibarko merkataritzaren erreferentziazko atari digitala izateko asmoz
2022/12/20 eta kitto!


`www.erosieibarren.eus´ webgunearen berritasunen artean, atari digital honen bidez, atzo hasi  zen ‘Eibar Oparitu Txartela’ kanpainaren opari-txartelak erosi ahal izango dira; urtarrilean, Eibarko merkataritza- eta zerbitzu-gida bat argitaratuko da. Datozen hilabeteetan, webgune honetan informazio interesgarri gehiago jarriko da, bai merkatarientzat, bai herritarrentzat, eta, besteak beste, albisteen edo lan-eskaintzen atal bat sortuko da.


Eibarko Udalak, Eibar Merkataritza Gune Irekia (EMGI) elkartearen laguntzarekin, www.erosieibarren.eus webgunea berritu du, eta hemendik aurrera erreferentziazko webgunea izango da hiriko merkataritza-eremuan egiten diren ekintza guztietarako. Horrela, bai herritarrek, oro har, bai merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako sektoreek hainbat informazio izango dute eskura: establezimenduak,  erosketa-bonuen kanpainak, merkataritza-gida, eta Udalak eta EMGIk antolatutako beste ekintza batzuk.




Jon Iraola alkatearen hitzetan, “web orriari funtzio berriak eman nahi dizkiogu, unean-unean bultzatzen ditugun merkataritza sustatzeko jarduera guztiak bateratzeko. Zalantzarik gabe, oso tresna erabilgarria izango da, eta, gainera, herritarrek sektore horri buruzko informazio guztia eskuratu ahal izango dute.”

Webgunean bi nobedade sartuko dira: batetik, opari-txartelak erosteko gune bat,`Eibar Oparitu Txartela´ Gabonetako kanpainaren barruan. Kanpaina abenduaren 19an, astelehena, hasi zen; bestetik, urtarrilean saltokien eta zerbitzuen direktorio global berria argitaratuko da, gida bat kaleratuz.

`Eibar Oparitu Txartela´ kanpainari dagokionez, txartela atxikitako dendetan eta ostalaritza eta zerbitzu-establezimendu guztietan erabili ahal izango da, betiere datafonoa badute; izan ere, erosketa- edo gastu-zenbatekoak txarteletik deskontatuko dira. Gainera, txartelak ez die inolako gasturik eragiten establezimenduei.

Txartel hori erabili ahal izango da bai Gabonetako erosketak egiteko bai oparitzeko ere.  Horren harira, kanpaina honetan bi aukera daude. Alde batetik, 'Promozioa' izeneko txartelak egongo dira, eta horietako 420 ale jarriko dira salgai, bakoitza 50 euroko prezioan eta 60 euroko erosketa-balioarekin. Txartel horiek www.erosieibarren.eus  webgunean eros daitezke, eta  2023ko urtarrilaren 6an amaituko da haien baliozkotasuna. Gehienez ere bi txartel erosi ahal izango dira NAN bakoitzeko, eta ez da nahitaezkoa izango Eibarren erroldatuta egotea.

Bigarren aukera da 50, 100 edo 250 euroko txartelak erostea. Pertsona bakoitzeko (NAN) nahi adina eros daitezke, erroldatze-herria kontuan hartu gabe, eta kontsumitzeko iraungitze-datarik gabe.

Aukera batean zein bestean, txartela webgunean erosi ondoren, produktuak aukeratutako bilketa-puntuan erretiratu ahal izango dira, erosketa-eguna baino bi egun baliodun geroago.

Bestalde, gida komertzialari dagokionez, direktorio bat da, 175 establezimendu baino gehiago batzen dituena eta horietako bakoitzari buruzko erreferentziak eta informazioa biltzen dituena. Espero da datozen hilabeteetan Eibarko merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako sektoreetan establezimendu gehiago sartzea.

Halaber, gida berrian Eibarko mapa ikusi ahal izango da, eta, bertan, herriko establezimenduak sektoreen, kaleen eta jardueren arabera ordenatuta; mapan erabiltzaileak erraz kontsultatu ahal izango ditu atxikitako establezimendu bakoitzaren informazioa eta irudiak.

Gida komertzialaren ekimena Eibarko Udalak eta Eibarko Merkataritza Gune Irekiak (EGMI) bultzatu eta finantzatzen dute, eta ‘Eibar Oparitu Txartela’ren kasuan, baita Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ere.