Birziklapenaren sektoreko 25 enpresa baino gehiago bildu ziren atzo Eibarren egindako Recycling Top-en

Birziklapenaren sektoreko 25 enpresa baino gehiago bildu ziren atzo Eibarren egindako Recycling Top-en
2022/05/19 17:25
eta kitto!
Birziklapenaren eta berrerabilpenaren sektoreko sarea osatzen duten hogei enpresa, elkarte, fundazio, unibertsitate, zentro teknologiko eta ingurumen-aholkularitza baino gehiago elkartu ziren atzo Eibarko ScrapAd-en instalazioetan, mundu mailako birziklapen-sektorearen erreferentzia-plataforma horren ekimenaren berri zuzenean izateko. “Recycling Top” seigarren topaketa izan da aste honetakoa, Gipuzkoako GK Recycling klusterraren barne. Ekimen horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Gipuzkoak birziklatzearen arloan duen indarguneari balioa eman nahi dio, eta sektorearen garrantzia ikusarazi Ekonomia Zirkularraren barruko motor ekonomiko gisa. Era berean, enpresentzako laguntza instituzionaleko tresna bat izan nahi du, bai merkatu nazionalean bai nazioartekoan, eta aurkezpen-gutun izan eta berrikuntza-sare berde bat sortu nahi du.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuaren berbetan, topaketa horien helburua da enpresak susperraldi berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak planteatzen dituzten erronken inguruan sentsibilizatzea, erronka horiek arrakastaz gainditzea lortu duten enpresen kasuak erakutsiz. Asensiok adierazitakoaren arabera, “GK Recyclingeko enpresen artean informazioa eta ezagutza modu aktiboan trukatzeak sinergiak sortzeko eta eredu errepikagarriak aurkitzeko aukera emango du, soluzio lehiakorrenak aurkitzen laguntzeko”.