BPTD Enpresa Elkartea eskualdeko industria sarea bultzatzeko prest dago

BPTD Enpresa Elkartea eskualdeko industria sarea bultzatzeko prest dago
2020/05/15 eta kitto!
Aurreko barixakuan bilera berezia egin zuen BPTD Enpresa Elkartearen Batzarrak, COVID-19aren osasun-krisiak eskualdean elkarteko kide diren enpresetan izaten ari den eragina aztertzeko eta, horrekin batera, Debabarreneko industria-sarea mantendu eta sendotuko duten irtenbideak proposatzeko.

Bileran esandakoaren arabera, elkarteko enpresek ahalegin handia egin dute, COVID-19 krisiaren eragina langileengan ahalik eta txikiena izan dadin, baina kezkatuta daude beraien jarduerak epe ertainera izan dezakeen bilakaerarekin. Esan dutenez, “industria-sektorearen eskaera berraktibatzea beharrezkoa da, eskualdeko jarduera sustatzeko”. Gainera, industria-enpresa gehienen ezaugarri esportatzailea dela eta, oso kezkatuta daude mugak eta aireko espazioa itxita egoteak ekar ditzakeen ondorioekin”

BPTD Enpresa Elkarteko gestioaren arduraduna Debegesa da eta, bertatik egin duten inkestaren arabera, enpresen %59k ez du bere jarduera eteteko beharri izan eta bere jarduera guztiz laga dutenak %6 dira (datuak maiatzaren 6ra artekoak dira). Bestalde, elkarteko enpresen %44ak ABEE modalitateren bat aplikatu du, eta horien artean %25ak aplikatu du ABEE murriztua.

Hilabete honetan urtebete izango da BPTD Enpresa Elkartea eratu zela eta, testuinguru horretan, taldeak bultzatzen dituen lankidetza-proiektuek inoiz baino zentzu gehiago dutela uste dute. Aurten, besteak beste, talentua erakarri eta atxikitzearekin zerikusia duten proiektuak garatzen ari dira, barne ekintzailetza sustatzen lan egin da eta elkartutako enpresentzat jardunaldi teknologikoak eta ez teknologikoak antolatzen ari dira. Gainera, BPTD Enpresa Elkartea harremanetan dago Goierri Valley, Enpresare, ADEGI eta Confebask elkarteekin eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean dabil, administrazioei BPTDren ekintza-lerroen eta eskualdean garatzen ari diren proiektu estrategikoen berri emateko, informazioa partekatzeko eta egungo krisiaren irtenbide onena aurkitzen  laguntzeko.