Debabarrenerako alternatiba ekonomikoa aurkeztuko dute gaur

Debabarrenerako alternatiba ekonomikoa aurkeztuko dute gaur
2012/06/11 00:00
eta kitto!

Gaur 19.00etan, Armeria Eskolan Debabarrenerako alternatiba ekonomikoa ezagutzera emango dute: "Lau alderdiek landu dugun irtenbiderako proposamenen aurkezpena eta eztabaida emango da. Mundu mailako krisiak Debabarrenean ere eragina izaten dihardu. Nahiz eta batzuk krisi hau ekonomikoa dela esan, gure iritziz, sistemaren krisia da. Kapitalismoak izan ohi dituen beherakada bat besterik ez. Beraz, argi dago, alternatiba aurkezteko orduan arazoaren sustraietara jo nahi izan dugula, hau da, sistema kapitalista bera. Gure eskualdean 3.790 lagun daude langabezian. 3.790 drama pertsonal, eta gainera, asko eta asko egoera oso larrian, hipoteka ezin ordaindu etxetik kaleratzeko mehatxupean. Beste asko ERE-etan daude, baita enpresarekin borrokan ere, ALFA-ko kasuan adibidez. Gero eta pertsona gehiago baztertuak izateko arriskuan daude". Horren aurrean, "alderdi abertzale eta ezkertiarrek" osatzen duten koalizioak hainbat neurri planteatzen ditu egoera honetatik irtetzeko eta horien berri emango dute gaurko aurkezpenean.