Eibarko dendetan erosketak online egiteko plataforma abian da

Eibarko dendetan erosketak online egiteko plataforma abian da
2021/04/15 eta kitto!
Eibarko Udalak www.erosieibarren.eus plataforma digitala jarri du martxan, Eibarko dendetan erosketak online egiteko. Gaur eguerdiko 12:00etatik dago erabilgarri plataforma erosketak egin ahal izateko.

Udalak, iaz, pandemiaren ondoriozko behar sozioekonomikoei aurre egiteko onartun zuen 2020ko Talka Planean txertatuta, 45.000 euro jarri zituen proiekturako, etxez etxeko banaketa barne. Aurten beste 25.000 euro jarri ditu plataforma sendotzeko.

Plataformak herriko 26 denda izango ditu estreinako agerraldian, eta laster denda gehiago gehitzen joango dira, plataforma zabalik egongo baita beranduago sartu nahi dutenentzat ere.

Parte hartzen duten denda bakoitzak 59 euroko hileko kuota ordaindu beharko du. Hala ere, lehenengo 6 hilabeteetan 29 euro ordaindu beharko ditu hilean, denbora horretan Udalak bere gain hartuko baitu denda bakoitzaren hileko kuotaren 30 euro.

Erosketa plataformaren bitartez edozein unetan egin daiteke, baina, telefonoz egiteko aukera ere badago, astelehenetik ostiralera bitartean 10:00etatik 13:00etara bitartean.