Udalak azpikontratatutako garbitzaileek murrizketen kontrako elkarretaratzea egin dute

Udalak azpikontratatutako garbitzaileek murrizketen kontrako elkarretaratzea egin dute
2021/09/27 eta kitto!
Eibarko Udalak azpikontratatutako garbitzaileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Untzagan, udaletxearen parean, “argitaratutako baldintza-agiriek dakartzaten murrizketak eta kale-garbiketako langileengandik bereizten dituen soldata-arrakala salatzeko”. ELA sindikatutik adierazi dutenez, “Eibarko udal eraikinak garbitzeko zerbitzua Eibarko Udalak azpikontratatutako hainbat enpresa pribatuk gauzatu dute denboran zehar. Azken kontratazioaren epea laster amaituko denez, Udalak abuztuaren amaieran zerbitzu hori kontratatzeko beste lizitazio-prozesu bat jarri zuen martxan. Baina argitaratutako baldintza-agirietan, akats batzuez gain, zerbitzu batzuetan murrizketak aurreikusten dira. Hori dela eta, ELAko hiru ordezkarik osatutako langileen legezko ordezkaritzak udaleko arduradunekin bilera eskatu zuen, plantilla osoaren baldintzei eustea bermatuko zuen irtenbide bat bilatzeko. Baina bilera horretan lasaitasuna helarazi nahi izan ziguten arren, gaur gaurkoz Udalak ez du inolako konpromisorik hartu”.

Horrekin batera, 2020an egin zen aurreko lizitazio-prozesuari begira ELAk hainbat ekarpen egin zituela gogora ekarri dute, eta horiei ere ez zaiela erantzun salatu dute: “Besteak beste, kolektibo hori kale-garbiketako sektore maskulinizatutik bereizten duen soldata-arrakala ezabatzeko aldarrikapena egin zuen, urtean 1.2000 euro gehiago kobratzen baititu (kalean lan egiteagatik nekagarritasun-plusa kendu ondoren)”.

Gauzak horrela, gaurko elkarretaratzean “baldintza-orriak alda daitezela” eskatu dute, “zerbitzuan murrizketarik ez dela egongo eta soldata-arrakala ezabatzeko urratsak emango direla bermatuz”.