El Corte Inglesak Eibarko dendan hasiko du berrikuntza digitalerako bidea, hiru proiekturekin

El Corte Inglesak Eibarko dendan hasiko du berrikuntza digitalerako bidea, hiru proiekturekin
2021/03/16 eta kitto!
El Corte Inglesak Eibarko dendan hasiko du berrikuntza digitalerako bidea, hiru proiekturekinEl Corte Inglesak Eibarko bere merkataritza zentroa aukeratu du berrikuntza digitaleko bere lehen proiektu handia garatzeko. Azaldu dutenez, abiatuko duten enpresa-ekimena taldeak digitalizazioaren alde egindako apustu estrategikoaren barruan kokatzen da eta gaur egun dendan lan egiten duten 200 bat  profesionalen lanpostue eustea ahalbidetuko du. Esandakoaren arabera, “proiektu berri hori datozen hilabeteetan gauzatuko da Eibarren, hiru jarduera garrantzitsu abian jarrita. Horiekin, El Corte Inglesak merkataritza-estrategian pauso bat aurrera emango du, Euskadiko lehen ‘dark store-a’ sortuta”. Hau da, merkataritza elektronikorako elikadura-eskaerak prestatzeko eta banatzeko zentro handi bat ipiniko dute martxan, Gipuzkoari, Bizkaiari zein Arabari zerbitzua emateko. Diotenez, Gipuzkoan jarduera handitzea aurreikusten dute. Bestalde, Eibar aukeratzeko arrazoietako bat “hiru lurraldeetara zerbitzua eskaintzeko duen kokapen egokia” izan dela gaineratu dute. Azaldu dutenez, “etorkizuneko dark store horri esker, El Corte Inglesak bere bezeroei zerbitzu hobea eman ahal izango die. Izan ere, instalazio berriek 25.000 elikadura-erreferentzia baino gehiagoko eskaintza izango dute, “bertako produktuak barne”.
Aipatutakoarekin batera, El Corte Inglesak Eibarren martxan jarriko duen bigarren enpresa proiektu digitala ‘contact hub’ izenekoa da eta taldearen beraren zein beste batzuen negozioei euskarria eskainiko die: “Besteak beste, El Corte Ingles eta Masmovil enpresek elkarlanean merkaturatu duten mugikorrerako eta zuntzerako operadore berria arituko da. Sweno markaren pean, operadore birtualak zuntz eta mugikorreko telekomunikazioen zerbitzu bateratuen eskaintza osoa eskainiko die bezeroei, estaldura eta kalitate baldintzarik onenetan. Gainera, bezeroen arretarako eta esperientziarako zentro digital honek adimen artifizialeko azken teknologiak hartuko ditu bertan. Zerbitzuen portfolio bat izango du, erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko, fakturazio-gorabeherak konpontzeko eta ordainketak egiteko, besteak beste”.
Eta hirugarren proiektu bat abiatuko dute baita ere: salmenta digitalerako gune bat sortzeko asmoa daukate. Euren berbetan, “erabiltzaileek gaur egungoa baino eskaintza zabalagoa eskuratu ahal izango dute. Eskaera egin eta bertan edo, bestela, etxean jaso ahal izango dute. Click & Collect zerbitzua ere eskainiko da, bezeroek on line egindako erosketak jasotzeko”.