Enplegua sustatzeko prestakuntza-programa berria abiatu dute Udalak eta Armeria Eskola Elkarteak

Enplegua sustatzeko prestakuntza-programa berria abiatu dute Udalak eta Armeria Eskola Elkarteak
2023/03/13 eta kitto!
Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak enplegua sustatzeko prestakuntza-programa berri bat jarriko du abian, herrian erroldatuta, langabezian edo lan prekarioa duten eta Lanbiden izena emanda dauden pertsonentzat. Fabrikazio mekanikoaren eta Soldaduraren arloko prestakuntzan zentratzen da programa. Programak Armeria Eskola Elkarteak emango du eta 15 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Apiriletik ekainera bitartean iraungo du, eta irailera arte luzatu ahal izango da, enpresako praktikak, tutoretzak eta laneratze-prozesuan laguntzeko saioak eginez. Izena emateko epea martxoaren 24ra bitartekoa izango da. Aurrez aurre egin ahal izango da, Pegoran; edo modu elektronikoan, www.eibar.es udal web orriaren bidez. Izapide hori elektronikoki egiteko, ziurtagiri digitala eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, Izenpe txartela…).

Jarraian, programaren garapena:


  • Txirbil-harroketa bidezko mekanizazioko gaitasun teknikoak (MF0091) (210 ordu).

  • Garapen pertsonalerako gaitasunak (16 ordu).

  • Eskorga jasotzaileak gidatzea (30 ordu).

  • Elektrodo estali bidezko soldadura (60 ordu).

  • Praktikak enpresan (gutxienez 60 ordu).

  • Laneratze prozesuan laguntza.


Programan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira: Eibarren erroldatuta egotea, langabezian egotea edo lan prekarioa izatea eta Lanbiden izena emanda egotea, eta ahozko eta idatzizko ulermen-maila egokia izatea gaztelaniaz. Positiboki baloratuko da Fabrikazio Mekanikoaren eta/edo Soldaduraren arloan esperientzia profesionala eta/edo ezagutzak izatea.