Erosketa-bonoen kanpaina berri bat abitu du Udalak, herriko denda eta establezimendu guztientzat

Erosketa-bonoen kanpaina berri bat abitu du Udalak, herriko denda eta establezimendu guztientzat
2022/04/26 eta kitto!
Eibar Merkataritzagune Irekiarekin lankidetzan, Eibarko Udalak laster jarriko du martxan erosketa-bonoen kanpaina berri bat. 75.000 euro jarriko ditu Udalak ekimen honetan eta interesa duten herriko establezimendu eta denda mota guztiak atxiki ahal izango dira, baita ostalaritza arlokoak ere.

Kanpaina berri honetarako, guztira 4.590 bonu aterako dira, zenbateko desberdinetakoak. Bono horiek establezimendu mota guztietan erosketak egin eta zerbitzuak eskuratzeko aukera emango dute, % 30etik % 50era bitarteko deskontuekin. Iazko kanpainan ez bezala —orduko hura osasunaren, irudi pertsonalaren eta ekipamendu pertsonalaren arloko establezimenduetarako bakarrik egin baitzen—, oraingo honetan mota guztietako establezimenduetara (salbuespenen bat izan ezik) zabaldu da parte-hartzea (ostalaritza barne).

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “urtero abian jartzen ditugun bono-kanpainak pizgarri garrantzitsuak dira erosketak egiteko eta gure dendetara eta ostalaritza-establezimenduetara joateko eragingarri ekonomikoa da, Eibarko establezimenduek eskaintzen dituzten zerbitzu eta produktu aberats eta era askotarikoak ezagutarazteko aukera ematen duena eta herritarrek eta saltzaileek eskertzen dutena. Ziur nago, beste behin ere, kanpainak arrakasta handia izango duela.”

Kanpainarekin bat egin nahi duten establezimenduek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Eibarren kokatuta egoteaz gain, 50 behargin baino gutxiago dauzkaten enpresak izan beharko dute, eta beren jarduera nagusia kanpainaren oinarrietan ezarritako epigrafeetako bat izan beharko da.

Apirilaren 25ean, astelehenean, ireki zen establezimenduek kanpainari atxikitzeko epea, eta maiatzaren 2ra arte iraungo du. Kanpainari atxiki nahi zaizkion establezimenduek atxikimendu-eskaera bete behar dute eta Eibarko Merkataritzagune Irekiaren bulegoan aurkeztu beharko dute, edo helbide honetara bidali: info@eibarcentrocomercialabierto.com. Bulegoaren ordutegia: 09:00etatik 17:00etara, astelehenetik ostegunera, eta 08:00etatik 15:00etara, ostiralean. Atxikimendu-eskaera Udalaren web orrian  eskura daiteke.

Gainera, atxikitako establezimenduek hainbat betebehar izango dituzte: erosleei ezin zaie dirutan itzuli erosketaren eta bonuaren balioaren arteko aldea; establezimendu bakoitzak zehaztuko du erositako ondasunak itzultzeko epea eta modua; eta, azkenik,  kanpainako informazio-materialak jaso eta jartzeko konpromisoa hartzen dute.

Eibarren bizi direnentzako eta beste herri batzuetan bizi direnentzako salmenta-bonu kopuru jakin bat egongo da, eta online salmentarako eta aurrez aurreko salmentarako ere (Eibarren bizi diren 60 urtetik gorakoentzat bakarrik) bonu kopuru bat ezarriko da. Eibarren bizi direnentzat 3.903 bonu aterako dira, eta beste herri batzuetan bizi direnentzat 687.

Eibarko Udalak kanpainari atxikitako establezimenduetan kontsumo- eta zerbitzu-ondasunak erosteko bonuen benetako balioaren % 30 eta % 50 bitarteko dirulaguntza emango du. Merkataritza-establezimenduen kasuan, bonuen deskontua % 30ekoa da, eta ostalaritzan % 50ekoa.

Bonoak mota bikoak izan daitezke: 2.040 ostalaritzaren alorrean, bitan bana daitezkeenak, 12,50 euroko salmenta-prezioarekin eta 25 euroko balioarekin. Gutxienez ere 25 euroko bonoa eskuratu ahal izango da. Eta beste 2.550 bonu ere egongo dira merkataritza eta zerbitzuen alorretarako, bitan bana daitezkeenak, 35 euroko salmenta-prezioarekin eta 50 euroko balioarekin. Gutxieneko erosketa, kasu honetan, bonu batekoa izango da, 50 euroko balioa duena.

Interesdunek gehienez ere bi bonu eskuratu ahal izango dituzte NAN, AIZ edo pasaporte bakoitzeko, ostalaritzaren esparruan izan ezik, horietan gehienez ere 5 bonu eskuratu ahal izango baitira NAN bakoitzeko.