Erosketa Ibilbidea kanpainarekin erosketak Eibarren egitera eta euskara erabiltzera animatu nahi dituzte herritarrak

Erosketa Ibilbidea kanpainarekin erosketak Eibarren egitera eta euskara erabiltzera animatu nahi dituzte herritarrak
2023/04/12 eta kitto!
Eibarko merkataritzari laguntzeko asmoz, Erosketa Ibilbidea kanpaina jarri dute martxan Eibarko Dendarien Elkarteak eta Gipuzkoa Merkatariak federazioak, ...eta kitto! Euskara Elkartearekin, Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin eta Eibarko Udalarekin lankidetzan. Arduradunen berbetan, “kanpainak helburu bikoitza du: jendea Eibarko establezimenduetan erostera animatzea eta erosketa horietan bezeroek euskara erabiltzea sustatzea. Iaz bezala, aurten ere euskararen erabilerari bultzadatxo bat emango diogu. Izan ere, Eibarren bertan kontsumitzeko erraztasunak ematea eta bertako hizkuntza erabiltzeko aukera ematea bezeroei kalitatea eskaintzea da”. Asmo horrekin, atzo abiatu zen Erosketa Ibilbidea kanpaina eta hilaren 30era arte egongo da martxan.

Dinamika orokorra iazkoa bezalakoa izango da: “Iaz bezala, kanpainan parte hartzen duen saltokiren batean bezeroak lehen erosketa egiten duenean, kanpainako sobrea emango diogu, barruan hamar laukiko kartillarekin. Kartillako laukiak betetzeko, bezeroak kanpainak irauten duen bitartean, 10 saltoki desberdinetan erosketak egin behar ditu. Egindako erosketak guztira gutxienez 200 eurokoak izan behar dira. Saltoki bakoitzak lauki bat zigilatuko du eta bezeroari tiketa emango dio, gutun-azalean gordetzeko (ezinbestekoa da 10 erosketari dagozkien tiketak izatea). Horrez gain, erosketak egitean euskara erabiltzen dutenei (euskaraz agurtzea, euskaraz nahi dutena eskatzea) Euskeraz Primeran! pegatina jarriko zaie laukitxoan, eta gainean establezimenduaren zigilua”.

Bezeroak zigiluekin kartilla bete ondoren, Eibarko Dendarien Elkartera jo beharko du, bertan kartilla berrikusi eta balioztatu dezaten eta, dena behar bezala badago, 50 euroko balioa duen Oparitu Eibar txartela emango diote. Gainera, 10 zigiluez gain, gutxienez Euskeraz Primeran! 6 pegatina baldin baditu, txartela 60 eurokoa izango da. Eta 10 pegatina baditu, orduan txartela 70 eurokoa izango da. Azaldu dutenez, “helburua Eibarko establezimenduetan erosteaz gain, bezeroek euskara gehiago erabiltzea da. Dendariak ez badaki, ez dago arazorik. Dendariak gaztelaniaz erantzungo dio eta Euskeraz Primeran! pegatina jarriko dio berdin-berdin euskaraz hitz egin duen bezeroari. Bestalde, Oparitu Eibar txartelak kanpainan parte hartzen duten establezimenduetako edozeinetan gastatzeko dira, ekainaren 18a baino lehen. Opari-txartelak kartilla 10 zigiluekin betetzen duten lehen 140 bezeroentzat izango dira”.