Eskualdeko industria berpiztearen aldeko adierazpena sinatu dute BPTD-k eta Debabarreneko alkateek

Eskualdeko industria berpiztearen aldeko adierazpena sinatu dute BPTD-k eta Debabarreneko alkateek
2020/06/11 eta kitto!
Gaur goizean Debegesak hartu duen ekitaldian, “industria jarduera eta enplegua indartzea” helburu dituen adierazpena sinatu dute BPTD Enpresa Elkarteak (Basque Precision Technology District) eta Debabarreneko alkateek (Miguel de los Toyos, Juan Carlos Abascal, Iker Aldazabal eta Igor Agirre). Bertan egon dira, BPTD elkarteko hainbat ordezkari: Xabier Alzaga (Danobat Groupeko Zuzendari Nagusia), Borja Emparan (Engranajes Uretako Zuzendari Nagusia), Cristina Zumeta (Debegesako Enpresa eta Berrikuntza saileko arduraduna) eta Carlos Abad (Urkotronik enpresako gerentea). Eduardo Zubiaurre BPTD Enpresa Elkarteko presidenteak hemen betidanik industria bokazioa izan dela adierazi du, “eta horren aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu. Orain inoiz baino gehiago etorkizuneko industria sustatuko dugu, jasangarria eta klimarekiko errespetuzkoa. Etorkizuneko giltzarriak integratzen dituen industria, digitalizazioaren aldekoa, jasangarria eta kolaborazailea”.



Adierazpena lau helburu lortzeko asmoz sinatu da: BPTD Enpresa Elkartearen lankidetza jarduerak babestea, eskualdearen eta industriaren alde; eskualdearen industrializazio jasangarria indartzeko eta hobetzeko bokazioa areagotzea, klimaren aldeko errespetuz; ahalegin publiko-pribatu horretan udalez gaindiko administrazioen parte hartzea eskatzea, lurralde-oreka hobetu eta Debabarrenaren ahalegin eta bokazio industriala gehiago aitortzeko; eta inguruko eskualdeekin elkar hartzea, lurralde oreka ahalbidetuko duen estrategia bat posible egiteko.