Gaur zabaldu duten merkealdien azoka berezia berritasunekin dator

Gaur zabaldu duten merkealdien azoka berezia berritasunekin dator
2013/07/17 eta kitto!

Eibar Merkataritza Gune Irekiak zazpigarrenez antolatu du udako merkealdi berezien azoka Toribio Etxebarria kalean. Edizio honetan, gainera, hainbat berritasun gehitu dizkiote azokari: batetik, azoka inguruko ostalariek ekimenarekin bat egin dute eta gaur, bihar eta etzi eskaintza bereziak egingo dituzte 13 tabernatan (Bossa, Laurel & Hardy, Guridi, Koskor, Kultu, Ongi Etorri, Lanus, Ez-dok, Birjiñape, Ego-gain, O'jays, Txoko eta Akaran). Horrekin batera, Topalekuan txiki-parka zabaldu dute eta anbulategi parean tiobiboa egongo da martxan, prezio berezian.
Azoka gaur (eguaztena, hilak 17) inauguratu dute EMGI eta Dendarien Elkarteko ordezkariek, alkate, zinegotzi eta laguntzaileekin batera. Toribio Etxebarria kalean bihar (eguena) eta etzi (barixakua) ere martxan egongo den azoka goizeko 10.00etatik 20.00ak arte zabalduko dute, etenaldi barik. Tabernariek gaur 11.30etatik 14.00etara Oberenak emandako txistorra eskainiko diete bezeroei. Bihar, berriz, 11.00ak arte El Corte Inglesak emandako mini-croissantak eskainiko dituzte eta barixakuan beste aperitiboren bat emango dute 11.30etatik 14.00etara.
Azokan orotariko eskaintza bereziak ipini dituzte bertan parte hartzen diharduten 27 dendek: El Corte Ingles, Lide, Cedry, Guby mutilak, Guby neskak, K-Moda, No Comment, Bianco, Gloss gazte moda, Gratzina, Irritsa, Quetzal eta Nona dendek jantziak ipini dituzte salgai; Ikusimakusi eta Kopiñak umeen arropak; Bambi, Pissa eta Tribekak oinetakoak; Astigarraga, Kinkila, Txukuna eta Ttikik barruko arropak; Burbujas y más-ek estetika-produktuak; Etxedreams-ek koltxoiak; Katetxok kafe, te eta txokolatea; Farmalurrek parafarmaziako produktuak; eta Askasibarrek kirolerako jantzi eta bestelakoak.
Arrate Kultur Elkarteak lagatako Topalekuan zabaldu duten txiki-parka 2 eta 6 urte bitarteko umeentzat prestatu dute, 25 ume hartzeko tokia dago eta 11.00etatik 13.30etara eta 17.00etatik 19.30etara egongo da zabalik. Gurasoek erosketan egiten dituzten bitartean, umeek ordubetez tailer eta bestelakoetan jolasteko aukera izango dute, musutruk eta begiraleek zainduta. Anbulategi pareko tiobiboa domekara arte egongo da martxan, baina azoka egunetan buelta bakoitzeko euro bat baino ez dute kobratuko.