Gutxienez 1.700 errenta aitorpen euskaraz egitea lortu nahi dute Eibarren

Gutxienez 1.700 errenta aitorpen euskaraz egitea lortu nahi dute Eibarren
2023/04/28 eta kitto!
Apirilarekin batera errenta aitorpena egiteko sasoia iristen da eta dagoeneko hainbat herritarrek kitatu dituzte Ogasunarekin dituzten zorrak edo alderantziz. Azken urteotan egindako kanpainari jarraipena emanez, Gipuzkoako Ogasunak errenta aitorpena euskaraz egitea bultzatu nahi du eta, era berean, Eibarren Akebai plataformak hala egiteko eskatzen digu eibartarroi.

 

Errenta aitorpena? Aurten ere, duda barik, euskaraz!’ kanpaina abiatu du beste behin Eibarren Akebai plataformak eta, horren bitartez, “euskaraz bizi nahi duten herritarrei errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita egin nahi zaie”, plataformakoen berbetan.

Orain dela bost urte eman zitzaion hasiera kanpainari, hau da, 2017. urteko errenta aitorpenarekin, eta datuek erakusten dutenez, kanpainak izan du eragina aitorpena egiterako orduan aukeratzen den hizkuntzari dagokionez. Horrela, 14.195 eibartarrek egin zuten 2017. urteko errenta aitorpena eta 1.280 lagun izan ziren Foru Ogasunarekin harremanak euskaraz izan zitezela eskatu zutenak, hau da, kopuru osoaren %9; 14.234 eibartarrek egin zuten 2018. urteko errenta aitorpena eta 1.402 lagun aritu ziren euskaraz Ogasunarekin (% 10); 2019koan, 14.158 izan ziren aitorpena aurkeztu zuten eibartarrak eta euretako 1.441ek egin zuten euskaraz (%10); 2020an, 14.035 errenta aitorpen aurkeztu ziren Eibarren eta 1.494 (%11) izan ziren euskaraz; eta 2021.ekoan, 14.243 eibartarrek egin zuten errenta aitorpena eta horietako 1.603 (%11) egin ziren euskaraz.

Datuek erakusten dutenez, urtetik urtera igo egin da Foru Ogasunarekin harremana euskaraz izan duten eibartarren kopurua eta, aitorpena egin duten eibartarren kopuru osoa hartuta ere, portzentajea hazi egin da.

 

Erronkak Eibarren eta Gipuzkoan

Kanpainaren eragina nabarmena bada ere, eragileek anbizio gehiago dute eta are emaitza hobeagoak lortu nahi dituzte urtetik urtera. Horrela, Eibarren Akebai plataformak 1.700 euskarazko errenta aitorpenen langa gainditu nahi du aurten. “Erronka hori lortzea gizarteak hizkuntza berdintasunaren alde egindako ahaleginaren sari bat litzateke”, diote plataformatik.

Gipuzkoako Foru Aldundia, ostera, beste kopuru batzuetan mugitzen da. 2020an lau urteko egitasmo bat abiarazi zuen, honako helburuarekin: 2023. urtearen amaieran Ogasunarekin euskaraz egitea aukeratu duten gipuzkoarren kopurua 100.000 lagunera iristea.

2023aren hasieran Gipuzkoan 87.826 herritarrek euskara aukeratuta daukate Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanetan. Beraz, badago apustua.

 

Errenta aitorpena euskaraz, baina nola?

Hiru bide daude aitorpena egiteko eta guztietan erabil daiteke euskara: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta Internet bidezkoa. Baina, nola aukeratu dezakegu euskara izapide horiek betetzeko? Eibarren Akebaik erraz azaltzen du: Adibidez, autolikidazio proposamena jasoz gero, onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula besterik ez da esan behar. Errenta mekanizatua egiten baduzu, aitorpena egiteko ordua hartzerakoan edo bertan egiteko orduan, euskaraz egin nahi duzula esan bertako langileei eta kitto. Internet bidez eginez gero, Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman, errenta programaren euskarazko bertsioa deskargatu eta hobetsitako hizkuntzen atalean euskara eskatu. Eta errenta aitorpena aholkularitza zerbitzuen bitartez eginez gero, esan euskaraz egin dezatela eta Ogasunarekin dituzun harremanak euskaraz izan daitezela.

Ikusi daitekeen bezala, keinu txikiak eta sinpleak dira, eta ez da ezer berezirik egin behar.

 

Hiztegi lagungarriak

Errenta aitorpena egiteko orduan erabiltzen diren terminoak ezezagunak dira askorentzat, euskaraz zein gaztelaniaz, baina, ohituragatik edo, herritar batzuk gaztelerazko terminoak hobeto ezagutzen dituzte.

Hori errenta aitorpena edo Ogasunarekin harremana euskaraz egiteko oztopo ez izateko, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAK hiztegi bi jarri dituzte herritarren eskura, eta https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/ogasunarekin-euskaraz webgunearen amaieran aurkitu ditzakegu.