Joan-etorri gabeko Aste Santua

Joan-etorri gabeko Aste Santua
2020/04/08 eta kitto!
Paradoxikoa da, baina turismoa geldirik dago. Inora joateko eta inor jasotzeko aukera barik, nork bere etxean pasa beharko du Aste Santuko penitentzia. Bertan behera geratu dira beste toki batzuk ezagutzeko planak eta hutsik geratuko dira turistentzat prestatutako logelak. Egoera honi buelta emateko bidai luzea du aurretik turismo sektoreak.

 

Gaur egun ezinezkoa da bidatzea. “Gauza oso justifikatua izan behar da bidaiatu ahal izateko”, esan digu Eibarko ‘B the travel brand’ bidaia agentziako Carlos Gonzalezek. “Bere herrialdera itzuli nahi duen baten kasua izan daiteke, adibidez, baina ezin dira lan edo turismo bidaiak egin”. Alarma egoeran etxean geratu behar gara; baina, era berean, herrialde askok mugak itxi dituzte eta hegaldi kopurua asko jaitsi da, “behar beharrezko hegaldiak bakarrik egiteraino”.

Badira behar beharrezko hegaldi horiek egin behar izan dituzten eibartarrak, alarma egoerak atzerrian harrapatu dituen jendea. “Gehienak gauzak okertu baino lehen ekarri genituen etxera. Hala ere, batzuk atzerrian geratu dira. Adibidez, AEBn familia bisitatzen dagoen pertsona bat, baina hilabete amaieran itzultzea aurreikusten dugu. Bere hegaldia ‘bizirik’ dago momentuz, baina alarma egoerak nola eboluzionatzen duen ikusi behar dugu. Hegaldia bertan behera uzten badute, bidaia egitea posible denerako txartela emango diogu”, azaldu digu Gonzalezek.

Bihar hasiko da Aste Santua, bidaiarik gabeko oporrak. “Gure negozioarentzat berebiziko sasoia da”, dio Gonzalezek. Bere bidaia agentzian ERTEa egin dute, eta urritik egindako lanak eta aurreikuspenak bertan behera geratu dira. “Egindako lana desegin behar izan dugu, hau da, lan bikoitza; eta bezeroa ez kaltetzen saiatu behar gara, hau da, eurentzat kosturik ez edukitzea”. Beraz, irabazi gabeko hilabeteak datoz bidaia agentziarentzat.

Bidaia asko zituzten programatuta Aste Santurako, baina bertan behera geratu dira denak. “Gu bitartekariak gara eta ostalariek, hegazkin konpainiek, handizkariek… dute azken hitza. Hor, gure kontaktuak baliatzen ditugu”. Eta datozen hilabeteetarako erreserbatutako bidaiak, zer?Apirileko erreserba guztiak bertan behera geratu dira. (gure kasuan, gasturik gabe). Maiatzerako, ekainerako eta datozen hilabeteetarako erreserbetan dago arazoa. Alarma egoera pasako dela uste dugu, baina erreserbak dituztenek ez dute bidaiatu nahi. Zentzu horretan baliogabetze baldintzei begiratu behar diegu, dena ‘normal’ badago, ez delako bidaia baliogabetzeko arrazoirik izango”. Dena dela, oraindik ez dakigu datozen hilabeteetan zer gertatuko den, “ezta Moncloan ere”.

Koronabirusa atzean utzi eta guzti hau pasatzen denean jendea bidaiatzera animatu nahi du Gonzalezek. “Hasieran jendeak pauso txikiak emango ditu, baina oinkadak emango ditugu ondoren”.

Imsersoaren gaiari helduta, gauza bat argitu nahi du Gonzalezek. “Imsersoko bidaia asko egiten dira sasoi honetan, baina irteera gehienak bertan behera geratu dira. Bidaia horiek atzeratu ahal ziren galdetu digu askok, baina ezin da. Beraz, dirua itzuliko zaie”.

 
Eta Debabarrenako turismoa, zer?

Azken urteotan Debabarrenan turismoak asko egin du gora, baina koronabirusak igoera eten du. Ez da zifra edo grafiko kontua, atzean pertsonak daude, familiak, eta etenaldi honek ondorio latzak izan ditzake eskualdean.

Turismoa Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %7,6 da. Debabarrenak, adibidez, 16.333 bisitari izan zituen iaz, eta kopuru horren %25 urteko 2. hiruhilabetean eta %56 3. hiruhilabetean etorri ziren. Hau da, orain hasi behar zen eskualdeko turismoaren denboraldi garrantzitsuena eta koronabirusak bat-batean eten du. “Turismo arloko enpresak urtea galtzen ari dira”, esan digu Aitziber Cortazar Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarria saileko arduradunak.

Turismo enpresek gainontzeko enpresa gehienek baino lehenago itxi zituzten ateak, martxoaren 19an hain zuzen ere, eta Sonia Perez turismo sailburuak Berria egunkarian esan duenez, azkenetakoa izango da jarduera berreskuratzen.

Familia negozioek egituratzen dute batez ere Debabarrenako turismo sektorea. “Oso negozio txikiak dira, bizi apostuak, ez dago multinazionalik edo enpresa handirik”. Ostatuek, turismo aktiboko enpresek, gida profesionalek eta zerbitzu osagarriek (jatetxeek, adibidez) osatzen dute sektorea. “Ostatuei dagokienez, asko eta asko landa eremuan daude, eta horrek bateratu egiten du landa eremuan bizitze horrek. Bestetik, kostan kanpingak ditugu. Herbehereetatik eta beste herrialde batzuetatik etortzen diren turistez bizi dira gehien bat; eta bi kanping bakarrik daude urte osoan zabalik, besteek udan bakarrik zabaltzen dute. Horrentzat oso zaila izango da denboraldia salbatzea. Eta azkenik, Elgoibarren, Ermuan eta Eibarren hotelak ditugu. Beraz, koronabirusaren ondorioak ezberdinak dira alor bakoitzean”. Ondorioak ulertzeko, hainbat adibide aipatu dizkigu Cortazarrek. “Jatetxe batek ateak zabaltzen dituenean jendea edukiko du jateko prest, nahiz eta aforoa jaitsi beharko duen edo beste segurtasun neurri batzuk hartu behar izango dituen. Turismoko gida profesionalek, bere aldetik, oso gaizki pasako dute, normalean atzerritarrekin egiten dutelako lan (gure turismoaren %25) eta orain ez dira hainbeste atzerritar etorriko. Eta ostatuei dagokionez, azkenik, ez dakigu nola planteatuko den euren, baina nahiko ikuspegi ezkorra dute”. Eskualdeko ostatuetako arduradun asko autonomoak dira eta gehienek ERTEtara jo dute. “Kontratatuta zituzten langileak langabeziara joan dira edo ERTEa egin zaie”.

Cortazarren ustez egoera larria da. Iaz turismoaren urterik onena izan zen eta aurtengo denboraldiari begira turismo arloko negozio batzuek inbertsioak egin zituzten Aste Santura eta udara begira. “Inork ez zuen espero hau gertatuko zenik”. Orain, ordea, diru iturririk gabe geratu dira eta kostu finko askorekin, maileguak barne. “Egoera aldatzen ez bada, sektoreak laguntza ugari eta guztion inplikazioa beharko ditu”.

Orainaldia beltz ikusi arren, hodei ilunak desagertuko dira eta eguzkia irteten hasiko da. Aurrera begira jartzeko bideak bilatzen ari dira turismo sektoreko agente ezberdinak, baina informazioa eskatzen dute. “Ez dakigu negozioak zein baldintzatan irekiko dituzten. Horrela oso zaila da ezer planifikatzea”.

Turismoa martxan jartzen den momentuan osasuna bermatzea gakoa izango da Cortzarren ustez. Hau da, “hemen gauzak ondo egiten ditugula erakustea”. Horrez gain, hasi dira estrategia eta bide berriak lantzen. “Oporretan hemendik kanpo joateko asmoa zuen jende asko ez da kanpora joango eta hor aukera bat ikusten dugu. Alde batetik, gertutasuneko turismoa bultzatzeko (bizilekutik 2-4 ordutara dagoen turismoa). Eta bestetik, euskaldunen turismoa. Euskaldunek agian ez dute ostatu hartuko hemen, baina turismoaren inguruko gainontzeko azpiegitura guztia mantentzeko balio dezakete (jatetxeak, bisita gidatuak…). Euskaldunek Euskal Herria hobeto ezagutzeko balio dezake honek”.

Momentuz, egoera honetan bezeroak galdu dituzten ostatuekin kanpaina bat jarri dute martxan, Debabarreneko ostatu batean erreserba zuten eta data aldatu behar izan dutenei, edota jarduera berriz hasten denetik 2020ko uztailaren 31 arte erreserba egiten duten bezeroei zuzenduta. “Hainbat gauza eskaintzen zaizkie: %20 deskontua Geoparkera joateko bisita guztietan, doako sarrerak Eibarko Armagintza eta Elgoibarko Markina-Erraminta museotara, eta doako bisita gidatuak Dolmenen Ibilbidera. Behintzat ezeztapenak azken momentura arte atzeratzeko”.

Eibarko turismoari begira, herrian dugu eskualdeko hotel-plaza kopuru eta betetze-maila handiena. “Abuztuan %100 izaten da, eta ekainean eta uztailean oso altua”. Eibar Donostia inguruan kokatzen dute turistek, Cortazarrek dioenez. “Eibarrek duen kokapen paregabea aprobetxatuta, turistek egun bateko bisitak egiten dituzte. Eta gero, beti dute Eibar ezagutzeko denbora librea”. Kirol ekitaldiek jende asko erakartzen du herrira (foball liga, Euskal Herriko Itzulia, Espainiako Itzulia), eta Bilbon jokatu behar zen Eurokoparekin herriko hotelak beteta zeudela dio Cortazarrek.