Konpainia elektrikoen kontrako manifestazioa deitu dute pentsionistek astelehen eguerdirako

Konpainia elektrikoen kontrako manifestazioa deitu dute pentsionistek astelehen eguerdirako
2021/06/17 15:35
eta kitto!
Argindarraren prezioaren igoeraren aurrean protesta egiteko manifestazioa deitu du Eibarko pentsionisten taldeak astelehenerako, 12:00etan Untzagatik hasita. Pentsiodunek diotenez, azken igoerak eragin duen kontsumo energetikoaren gainkostua “eskandalu berria eta ekonomia ahulenen kontrako erasoa da”. Salatu dutenez, Facua kontsumitzaileen elkarteak emandako datuen arabera, “kasu batzuetan, igoera horrek batez besteko kontsumitzaile batengan %45eko gainkostua ekar dezake. Europako energia-kontsumoan gehien kobratzen duen herrialdea izatearen “ohore” tristea izango du Espainiak eta, gainera, BEZ gehien (%21) kobratzen dutenen artean txapelduna izango da. Eta ezin da ahaztu kobrantza hori Gobernuaren eskumen esklusiboa dela”. Gauzak horrela, argindarraren faktura horrela igotzeko arrazoirik ez dagoela uste dute: “Milioika euroko irabaziak dauzkaten enpresak dira eta helburu bakarra diru gehiago irabazten jarraitzea da, berdin die gutxien dutenei kalte egitea”. Hori dela eta, “ekonomia ahulenen aurkako eraso horri erantzuteko”, astelehenerako deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.