Lanbide Heziketako ikasleek erakusleihoak Gabonetarako apaintzea nahi duten dendek izena eman dezakete

Lanbide Heziketako ikasleek erakusleihoak Gabonetarako apaintzea nahi duten dendek izena eman dezakete
2022/10/17 eta kitto!
Uni Eibar-Ermuako Lanbide Heziketako merkataritza arloko ikasleek erakusleihoak atontzen formazio-praktikak egin ditzaten programa abiatu dute Eibarko Udalak, Uni Eibar-Ermuak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak. Asmoa ikasleek beraien formazioan eskuratutako ezagutzak Eibarko dendetan praktikan jarri ahal izatea da, erakusleihoak egokitzeko, prestatzeko, diseinatzeko eta dekoratzeko jarduerak eginez.

Ekimenaren aurkezpenean Jon Iraola alkateak esandakoari jarraituz, “egitasmo honek bi helburu ditu: batetik, ikasleei aukera ematea prestakuntza jasotzen ari diren lan-eremua hurbiletik ezagutzeko, eta, bestetik, hiriko saltokiei beren zerbitzuen aurkezpena hobetzeko aukera ematea, batez ere orain, bi hilabete inguru geratzen baitira merkataritzarako hain garrantzitsua den Gabonetako kanpaina hasteko. Horregatik, Eibarko Udalean seguru gaude programa hau oso lagungarria izango dela bi aldeentzat”.

Proiektuan parte hartu nahi duten herriko establezimenduek aldez aurretik eman beharko dute izena hitzarmenaeibarkoudala@uni.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Azken eguna azaroaren 4a izango da. Izena ematen duten establezimenduen artean, hamar hautatuko dira. Aukeraketa Udaleko, Uni Eibar-Ermua ikastetxeko eta EMGIko ordezkariek egingo dute, eta, horretarako, kontuan hartuko dira saltokiko erakusleihoaren tamaina, kokapena eta parte-hartzaileen proiektuarekiko prestasuna, malgutasuna eta jarrera.

10 saltoki horien aukeraketa azaroaren 7tik 11ra bitartean egin eta azaroaren 11n bertan emango da ezagutzera udal-webgunean. Eibar Uni-Ermuako Merkataritza arloko ikasleek, ondoren, hamar denda horietako erakusleihoak apaindu eta moldatuko dituzte. Lan hori abenduaren 1erako amaituta egon beharko da, atondutako eta prestatutako erakusleihoak Gabonetako merkataritza-kanpainan erakutsi ahal izateko.

Programa honen inguruko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, deitu Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko 943708451 telefonora.