Lanbidek aurrez aurreko arreta zerbitzua eskainiko du berriz ekainaren 1etik aurrera

Lanbidek aurrez aurreko arreta zerbitzua eskainiko du berriz ekainaren 1etik aurrera
2020/05/25 13:25
eta kitto!
Datorren asteko astelehenetik aurrera aurrez aurreko arreta zerbitzua eskaintzeari ekingo dio berriz Lanbidek. Metakrilatozko manparak, distantziak gordetzeko markak eta edukiera mugatua adierazteko kartelak eta gel hidroalkoholikoak edota paper-zapi garbitzaileak jarri dituzte bulegoetan, besteak beste, zerbitzua eskaini ahal izateko. Gainera, bulegoen ohiko garbiketa sendotuko da.

Bulegoak zabalik egongo diren arren, Lanbidek komunikazio telematikoa sustatzen eta bultzatzen jarraituko du etxetik egin daitezkeen izapide guztiei bide emateko. “Bulegoetan ahalik eta jende-kopuru txikiena batzea eta geletan itxaroteko denborak murriztea da helburua”, esan du gaur goizean Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Bulegora joan ahal izateko hitzordua eskatu beharko da aurretik Lanbideren webgunearen bitartez edo 945 160 600 / 630 305 452 telefonoetara deituta. Lanbidek Qmatic Mobile sistema ezarri du eta, honen bidez, hitzordua eskatzen duen pertsonak QR kode bat jasoko du mugikorrean. Kode horrekin bulegoan egongo den irakurgailuak txartel birtual bat sortuko du eta pertsona horri dagokion txanda zein den esango dio.