Merkatu plaza berrian lau postu betetzeko proposamenak baino ez ditu jaso Udalak

Merkatu plaza berrian lau postu betetzeko proposamenak baino ez ditu jaso Udalak
2021/07/21 eta kitto!
Errebal Plazia erabilera anitzeko gune berrian emakida-erregimenean posturen bat bete nahi dituztenek aurkeztutako eskaintzak ezagutu ditu gaur Udalak, Kontratazio Mahaia goizean bildu ondoren. Astelehenean amaitu zen eskaerak aurkezteko epea eta, jakinarazi dutenez, arraindegi-posturako proposamen bakarra aurkeztu dute; 'Kilometro Zero' posturako ere eskaintza bakarra jaso dute; ozpinetakoen eta eratorrien posturako bi proposamen aurkeztu dira; eta ogia eta gozogintzako produktuen posturako beste bi eskaintza daude. Harategi-urdaitegiko eta fruta eta barazkien postuei dagokienez, berriz, ez da eskaintzarik aurkeztu eta, beraz, oraingoz hutsik geratu direla azaldu dute.

Lau postuak betetzeko aurkeztu dituzten proposamenak aztertuko ditu orain Udalak, “baldintza-agirian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten jakiteko, dagozkion izapideak egiteko eta, ondoren, esleitzeko”.
Esleitu gabe geratu diren bi postuen kasuan, Udalak beste baldintza-agiri bat egitea aurreikusi du, berriro lehiaketara ateratzeko, “merkatuko plaza berriak bere sei postuak bete ditzan”. Horrela, baldintza-agiri berrian, beste jarduera batzuk proposatzeko aukera emango dute, “muga batzuekin eta, betiere, merkatu plaza baten ezaugarriekin eta izaerarekin bat badatoz, eta saldu nahi diren produktuak beste postuen osagarriak badira”.
Bestalde, merkatuan bertan egongo den taberna-kafetegia lizitaziora ateratzeko lanean ari dira eta irailean irtengo da lehiaketara.