Pentsiodunek deituta zapatuan Bilbon egingo den mobilizaziorako autobusa antolatu dute

Pentsiodunek deituta zapatuan Bilbon egingo den mobilizaziorako autobusa antolatu dute
2022/02/07 eta kitto!
Zapatuan, otsailaren 12an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua kalera irtengo da berriz, estatuko gainerako pentsiodunen plataformekin eta mugimenduekin koordinatuta egingo den mobilizazioan. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimendua bilduko duen manifestazioa Bilbon egingo da, 12:00etan Plaza Eliptikotik abiatu eta udaletxearen aurrean amaitzeko eta Debabarrenetik bertara joan nahi dutenentzat autobusa antolatu dute: zapatu goizean, 10:30ean irtengo da Ego Gainetik eta izena emateko 943201733 telefono zenbakira deitu behar da, eguen eguerdia baino lehen.



Mobilizazioen nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa etzi egingo dute, baina, aurreratu dutenez, estatu mailako mobilizazio guztien eskaerak honako hauetan oinarrituko dira:

1.- 2021eko pentsioetan Kontsumoko Prezioen Indize (KPI) errealaren %3ko galera konpentsatzea, eta 2022rako eta hurrengo urteetarako KPI erreala gutxienez aplikatuko dela bermatzea.

2.- Pobrezia-mugatik beherako pentsiorik ez dagoela bermatzea, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala ezabatuz eta gutxieneko pentsioa handituz Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu arte, LGS bera batez besteko soldataren % 60an kokatuz, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala (Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren arabera, gutxieneko pentsioa 1.080 €-koa izan beharko litzateke).

3.- Pentsio publiko duinak eta behar adinekoak zein Pentsio Sistemaren izaera publikoa bermatzea, 2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetuz eta sistemaren pribatizazio osoa edo partziala, edozein formula erabilita ere, baztertuz.

Lan-erreforma onartzeak bere horretan uzten ditu 2010eko eta 2012ko erreformen alderdi kaltegarrienak. Beste arrazoi bat, pentsiodunek, langileek eta beste gizarte-sektore batzuek gure ahotsak batzeko mobilizazio horietan parte hartuz, hori baita gure bermerik onena eskatzen duguna lortzeko.