Sabadell banketxeak eskualdeko hiru ordezkaritza itxiko ditu, baina Eibarkoak zabalik jarraituko du

Sabadell banketxeak eskualdeko hiru ordezkaritza itxiko ditu, baina Eibarkoak zabalik jarraituko du
2021/09/14 eta kitto!
SabadellGipuzcoano banketxeak Gipuzkoan dituen 39 bulegoetatik 19 itxi egingo ditu, Soraluzeko Pil-Pilean hedabideak jakitera eman duenaren arabera. Horrela, Debabarrenean hiru ordezkaritza itxiko dituzte (Soraluze, Ermua eta Deba) eta bik jarraituko dute martxan (Eibar eta Mutriku). Elgoibarren, ostera, Kutxa Aurreratuko Bulegoa lagako dute, hau da, kutxako arreta eskainiko dute; eta kutxazainek funtzionatzen jarraituko dute herri guztietan.

Pil-Pileanen informazioaren arabera, Soraluzeko bulegoa urriaren 15ean itxiko dute eta urriaren 16tik aurrera Eibarren eskainiko dute aurrez aurreko arreta. Ofizialki, uda ondoren hasi zitzaizkien SabadellGuipuzcoanoko langileei bulegoen itxieraren berri ematen.

Egunotan, enpresako zuzendaritza eta langileen ordezkariak negoziazio prozesuan dabiltza, izan ere, bulegoak ixteaz aparte, banketxeak EREa edo EEEa aplikatu nahi du lantaldean, Enplegu-Erregulazioko Espedientea, eta, horren gaineko baldintzak negoziatzen ari dira. Langile batzuk lekuz aldatuko dituzte, beste batzuk aurre-erretiratu eta susmoa dute beste hainbat kalean geratuko direla.

 

Digitalizazioa, errentagarritasuna…

Enpresako zuzendaritzak langileei emandako azalpenen arabera, digitalizazioaren ondorioz egin nahi dute Sabadell banketxearen berregituraketa. Diotenez, pandemiaren ondoren asko azkartu zen digitalizazio-prozesua eta geroago eta bezero gehiagok erabiltzen dute online zerbitzua zein kutxazain zerbitzua.

Bestelako iturri batzuen arabera, berriz, banketxeak errentagarritasuna handitu nahi duelako itxiko ditu bulegoak eta Enplegu-Erregulazioko Espedientea egin.

Atzo, astelehena, pentsioen aldeko elkarretaratzean ere eman zuten itxieraren berri, horrek ekarriko duen zerbitzu galeraz arduratuta, batik bat, adinduei begira.